Arantxa Manterola
Kazetaria
IKUSMIRA

Armagabetze armada

Harrotasunez (eta zenbaitetan harrokeria punttu batekin ere bai) aritzen gara gure herria menpean dituzten bi estatuen ukazioen aitzinean Euskal Herriak bere premiak asetzeko edota bide propioak eraikitzeko izan duen eta duen gaitasun eta irudimenaz. Gizarte bizia eta aktiboa –bederen zati bat– dugula diogu gogotsu eta adibideak ez dira falta: ikastolak, kooperatibak, komunikabideak, hamaika alorretan diharduen elkarte sarea...

Luhuson atxilotutako herritarrak ere txingurri lanetan majo ibiliak dira eta dabiltza oraindik ere, norbera bere esparruan. Urteetako eskarmentuak erakutsi diete txikitasunetik ere gauza handiak egin daitezkeela, hori bai, ahalegin, borroka eta lan asko eginez.

Euskal Herriaren egoeraz eta geroaz kezkatuta, gatazkaren konponbideari beren alea ekarri behar zietela deliberatu eta eremu aski arriskutsu eta konplexuan engaiatu dira, armagabetze armada bilakatuta. Beraien atrebentziak oihartzun eta erreakzio izugarria eragin du Euskal Herrian eta Estatu frantses osoan ere bai. Espainolean, berriz, lehen eguneko ohiko orru triunfalistak segituan amatatu ziren ETAren aurkako polizia operazio garrantzitsutzat jo zutena berak nahi zuen bidetik ez zihoala ohartutakoan.

Gertatutakoa mugarri izango dela entzun da egunotan. Hala bedi! Gizarte zibilak ere gauzak konponbidean jartzeko eragin dezakeela egiaztatzeko lezio ederra eman digute bost herrikideok.

Ni eta Idoia behintzat irrikitan gaude Ipar Euskal Herriko gure erredakzioan lankide dugun kazetaria besarkatzeko. Bea, oraingoan ez dago aitzakiarik. Hau ospatu beharra dago, Kiki Bordatxo eta guzti!