Ducassouk eta Larraldek finalean izan nahi dute berriro ere
Berezkoen Superprestige torneoko finalerdiak jokatuko dira gaur, 16.00etatik aurrera, Donibane Garaziko Garat trinketean. Bertan, egungo bi pilotari handienak izango dira; Ducassou eta Larralde. Hauen aurka, berriz, Mikel Gonzalez eta Ospital ariko dira.
Gonzalezen eta Larralderen arteko partidarekin irekiko da jaialdia. Bizkaitarra sekulako ezusteak emanda iritsi da finalerdietara, baina gaurkoan zail izango du txapelduna mendean hartzea. Gonzalezek erakutsi du Hego Euskal Herrian ongi lan eginda ere irits daitekeela trinketean goi mailara, eta bera ispilu ederra izan daiteke gainerakoentzako. Galtzeko ez dauka ezer, bere helburua bapo bete baitu, lehen kanporaketatik jokatu baitu. Larralde txapelduna da. Urte bikaina egin du, eta gaur galduko balu sekulako ezustea izango litzateke. Dirua alde izango du Larraldek, baina lapurtarrak garbi utzi du faborito izan eta dirua alde izateagatik ez duela partida irabaziko.
Bigarren finalerdia ere ez da izango hasieran uste zena, izan ere, Waltari bertan ikusten zuten aditu ia gehienek. Baina Peio Ospital gazteak mendean hartu zuen final laurdenetan, markagailuan oso atzetik joan ostean. Berak ere helburuak bete ditu, eta presiorik gabe kantxaratuko da.
Gaur lapurtarra faborito garbi gisa aterako da, baina Urepelekoak galtzeko ez dauka ezer, eta final laurdenetan erakutsi zuen etsi gabe lanean jarraitzen badakiela, nahiz eta adinez oraindik oso gaztea den. Ducassou ez da Waltari, eta segur aski partida erditik aurrera Kubakoak eman zizkion bezalako erraztasunak ez dizkio emango, eta hori Peio Ospitalek berak ere badaki.