Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Oparia ez da bidea

Badatorrela beste urte bat. Zorioneko gu, hemen gaudenez eta konta dezakegunez gero. Ez gara kexatuko, beraz; ez, behintzat, hasiera batean. Gainera, Olentzerok oparitxoa ekarri digu urte bukaera hau gozatzeko, eta hurrengoari itxaropentsuago-edo begiratzeko: lau asteko aitatasun-baja.

Zeharka bada ere, beharrezkoa genuen emakumeok zer edo zer onuragarria, aringarria. Orain, datozen urteoi begira, irudika dezakegu erditu osteko denboraldi ez hain bakartia, partekatuagoak gozamena –edo kontrakoa, izan badelako– eta zaintza, jaioberriari berari eta dakarren guztiari nola egin aurre ez dadin izan amak bakarrik ebatzi beharreko buruhauste akigarria. Denbora gehiago izango dute aitek gehiago eta hastapenetik parte hartzeko, ohartzeko, jabetzeko, elkartasuna elikatzeko… noski, ez Europako beste herrialde batzuetan bezainbeste denbora, horixe baino ez genuen falta-eta, aurrerapauso luzea eta eraldatzailea egitea, hemengo estiloa geldoa eta lotsatia baita. Eta ondotxo dakigu hemen tradizioak eta usadioak dezente mugiezinak direla, kosta egiten zaigula garai zaharrak joan eta berrietan bizi garela onartzea, eta egokitzea.

En fin, baina ez gara kexatuko urte bukaera honetan, Olentzerok familiei (heterosexualei, bederen) zerbait ona ekarri baitie urte amaiera honetan: erantzunkidetasunerako halako urrats txiki bat. Izan gaitezen baikorrak, bai; pentsa dezagun hasiera-hasierako erantzunkidetasun horrek segida izango duela jaioberriak jaioberri izateari utzitakoan, koskortzen denean, nerabezaroan eta ondoren. Irudika dezagun, etorkizun gertu-gertukoan egia bihurtzeko indar nahikoaz, zaintza partekatua benetan izango dela konpartitua, familiak batuta segitzen duenean ere bai, hau da, gurasoak banandu edo dibortziatu gabe daudenean.

Ea, bide batez, datorren urtean ez diogun Olentzerori edo goiko izaki ikusezin baten esku-hartze miragarriari itxaron behar auzi sozialei dagokienez herrialde honetan hainbeste behar ditugun urrats irmo eta eraikitzaileak egiteko.

Ea ulertu behar dutenek behingoz ulertzen duten, erantzukizuna eurena delako eta etorkizuna guztiona, aurrera egiteak badakartzala berekin zenbait ezinbesteko: guztion enpatia, guztiontzako justizia, denon arteko ekintza eta elkarlana. Nahi eta nahi ez. Utikan opariak, agintari jaun-andreok, eta eman zintzotasunez herria osatzen dugun guztioi jendartea hobetzeko benetako aukerak.