Nerea GOTI
Kazetaria
IKUSMIRA

Trenaren zain gauza asko gertatzen da

Trenaren zain goizero bezala, eta trena da gaur egunkarietako berrien protagonista nagusietako bat. Baina ez hartu behar dudan bera, egunen batean helduko den proiektu handia eta batez ere arina da eguneko izarra. Edozein momentutan helduko dena ibilbide hurbileko trena da, herrien artekoa. Bilbora heltzen da, baina, dirudienez, ez da hain «estrategikoa», ezta «beharrezkoa» ere. Halere, sarri agertzen da komunikabideetan istripu larriak, erabiltzaileen kexak, bermatzen ez duen irisgarritasuna... bezalako kontuekin lotuta. Kasu honetan ere, alkate talde batek inbertsioak eskatu ditu linea hobetzeko, baina eskaerak ez du hain oihartzun handia izan.

Funtsezkoa da udalerri askorentzat, baina, aldiz, tren txiki honek ez du ondoan zifra potolorik izaten. Proiektu izarra den tren arinarekin gertatzen den bezala, bertoko erakundeek behar beste inbertsio egiteko aukera izatekotan ere, Espainiako Gobernuaren baimena beharrezkoa litzateke urratsa emateko. Pentsatu dut biek gauza asko dituztela amankomunean eta, era berean, batak eta besteak oso trataera ezberdina dutela.

Egunkariek diotenaren arabera, jaio barik jada Hego Euskal Herria zulatu duen abiadura arineko trenak (diruaz hitz egin barik) hiriburuetan izango dituen sarbideak eta geltokiak negoziatu behar dira orain Espainiako Gobernuarekin, jarrera aldatu omen duelako, eta, noski, umore on berriarekin errazagoa izango da proiektua zehaztea... Irakurtzen ari naizen bitartean, baina, emakume batek laguntza eskatu du umearen aulkitxoa tren honetatik jaitsi ahal izateko....