Xabier Izaga
Kazetaria
IKUSMIRA

Ez da nahikoa

Begoña Huarte eta Mikel Zuluaga euskal herritarrak (la navarra y el vasco) aske utzi zituen atzo Greziako Justiziak, giza trafikoan aritzea egotzi gabe. Beharbada, aukera hori baztertzeko, merkantziari galdetu diote. Zailago zuten aurten Mediterraneoan galdu den merkantziari galdetzea, itsasoko urek irentsi dituzten 5.000 ale horiei, hain zuzen. «Legez kanpoko immigrazioa sustatzea» egotzi diete. Izan ere, mundu globalizatu honek sustatzen duen «kultura topaketa» eta abar eta abar, merkatua ez bezala, kontrol zorrotzaren pean dago, gauzak behar bezala egite aldera.

Immigranteen ezbeharren berri jakitean, begiak zabal-zabal, burua astindu ohi dugu, zeinen bihozberak garen erakutsiz, munduari edo geure buruari. Huartek eta Zuluagak zerbait gehiago egin dute. Askoz gehiago, hainbaten kontzientzia astintzea barne.

1984an, Herrerako kartzelan ziren presoek ia urtebeteko itxialdia egin zuten. Ez ziren zeldetatik ateratzen, ezta asteburuko bisitara ere, eta ez zuten gutunik idazten. Jaso bai, ordea. Goizero igarotzen zen kartzelero bat zeldarik zelda gutunak partitzen. Preso haietako baten urtebetetze egunean, kartzeleroak zeldako atetzarra zabaldu eta zenbait gutunekin batera telegrama mordo bat eman zion. Zelda itxi baino lehen, esan omen zion: «Maite zaituztete gero!».

Maite ditugu, bai horixe, orduan bezala 32 urte geroago ere. Baina ez da nahikoa. Ez da nahikoa preso eta iheslariei urteko azken zutabea eskaintzea. Gaur ilundu egingo du eta bihar berriro argituko, baina egun berriak, urte berriak edo patuak ez dituzte ekarriko. Geuk baizik, maitasunez eta, batez ere, gizartea astinduz.