Andoni ARABAOLAZA
ALPINISMOA

Eigerreko ipar horma mitikoan beste bide bat zabaldu dute

Egileak Marcin Tomaszewski poloniarra eta Tom Ballard ingelesa dira. Sortu duten marra berria hormatzar enblematiko horren 39.a da. «Titanic» du izena eta gogorra da: 6b, M5 eta A3. Azaroaren 29an hasi ziren, eta gailurra abenduaren 6an zapaldu zuten.

Eigerreko ipar horma handia da oso. Eite horrek eta hormatzar horrek duen historia dela eta, han bertan makina bat bide zabaldu dira. Batzuek diote dagoeneko horma enblematiko horretan sormen lanerako lekurik ez dagoela. Bada, hein batean bederen, pixka bat erratuta egon daiteke. Eta hori baieztatu ahal izateko, azaroaren 29tik abenduaren 6a bitartean Marcin Tomaszewskik eta Tom Ballardek eginiko jarduera aipatu behar dugu.

Kontua da sokada horrek, zortzi eguneko lan gogorraren ostean, “Titanic” izeneko bide berria zabaldu duela. Bi kilometro luze da, eta zailtasun tekniko gogorrak jasotzen ditu bere baitan: A3, M5 eta 6b. Aipatu dugu marra berria dela, baina hainbat biderekin lotzen dela ere gehitu dezakegu. Eta hori guztia argitu ahal izateko, esan behar dugu sormen lan hori “Grift ins Licht” bidearen (Peter Keller, Urs Odermatt, 2002) eskuinetik hasten dela eta haren ondoan jarraitzen duela Lehen Zutoinera heldu arte. Ondoren, “Suitzarren bidea” zeharkatzen du Bigarren Zutoinera iristeko. Eta jarraian, Hirugarren Zutoinetik gora 400 metro berri zabaldu zituzten. Arrokaren kalitate txarra zela eta, bi alpinistok ezkerraldera jo zuten eta “Seven Pillars of Wisdom” marran sartu ziren. Bide horretatik irten eta gailurra zapaldu zuten.

Hauxe da, beraz, Tomaszewskik eta Ballardek aurkeztu duten bide berria. Bide batez gogoratu behar dugu aipatu dugun azken bidea Ballardentzat ez dela batere ezezaguna; guztiz kontrakoa baizik. Izan ere, 2009. urtean, bakarkako jardun batean, protagonista honek berak ireki zuen “Seven Pillars of Wisdom” (1.000 m, 7b).

Hain zuzen ere, lasai asko esan genezake Ballard izan dela “Titanic” xedearen burua: «2009. urtean ‘Scottish Pillars’ era askean lehen aldiz egiteko prestatzen ari nintzenean, ohartu nintzen Eigerreko ipar hormaren inguruan zabaldutako bide guztien krokisak ez zirela zuzenak. Eta honek aukera eman zidan 1.000 metroko bide berri bat irekitzeko. Aipatu dudan informazio hori aztertzen ari nintzenean ere konturatu nintzen beste marra bat eskalatzeko aukera zegoela, baina, tresneria erosteko diru iturririk ez nuenez, helburu hori atzeratu egin nuen. Baina beti egon da neure buruan! Marcinek eta biok Civettan bide berri bat sortu genuenean, Eigerren gauza berriren bat egitea otu zitzaigun. Marcinek paretaren eskuinaldera jotzea proposatu zidan, baina nire uste apalean ‘neguko’ jarduera batentzat ez zen oso aproposa. Orduan, nik buruan nuen xedea aipatu nion».

Azaroaren 28an bi protagonistok Interlakenen zeuden. Gaua Grindelwalden igaro ondoren, biharamunean tresneria guztia lau bizkar-zakutan eta bi petatetan sartu eta Alpigleneko trena hartu zuten. Ipar hormara heltzeko bi etapa behar izan zituzten egin; izan ere, pisuaz gain, elur asko eta sakona izan zuten. 29an, goizean, eskalatzen hasi ziren, eta gailurra abenduaren 2an (arratsaldeko ordu bietan) jo zuten.

«Marra naturala»

Bi alpinistok kapsula estiloan igo ziren, eta aurreratu dute bidean zehar hainbat parabolt sartu zituztela: «Guztira, 50. Horietako 24 luzeetan sartu genituen, eta beste 26 bileretan. Zulagailu elektriko bat eraman genuen, baina ez zigun asko lagundu. Jaitsi, berriz, Lauper isuritik egin genuen, eta han jarritako parabolt guztiak eskuz sartu genituen. Jakin banekien, Eigerrek duen arrokak bi aurpegi agertzen dituela. Zati batzuk hauskorrak dira, baina beste batzuetan, aldiz, artesi zoragarriak eskaintzen ditu. Soilik iltze pare bat utzi ditugu, eta Marcinek artifizialeko hainbat luzetan iron hawsk delakoak erabili zituen. Paretaren goialdean, berriz, izotz-torloju gehiagoren faltan geratu ginen. Oro har, gehitu dezaket marra oso natural bat jarraitu genuela. Beste era batera esanda, mendiak ibilbide horretatik eraman gintuen. Bide interesgarria da, eta osagai alpino guztiak jasotzen ditu. Eta, jakina, gogorra atera zaigu».

Bada, bidearen nondik norakoei buruz esan behar dugu “Titanic” “Griff ins Licht”-etik soilik hamar metrora hasten dela. Lehen luzea, 60 metrokoa, arrokan eskalatu zuten; eta, ondoren, beste hiru erraz (elurra eta mistoa) jarraitu zituzten. “Plaka grisak” gainditzeko lan eskerga behar izan zuten egin; izan ere, elurrez estalita zeuden. Beste pare bat luze misto eskalatu eta Lehen Zutoinera heldu baino lehen eroria zuen zati bati egin behar izan zioten aurre.

Sokada honek adierazi duenez, hurrengo metroak kalitate txarreko arrokan egin zituzten: «Ez zen batere atsegina, baina Marcin artifizialean gainditzeko gai izan zen. Orduan, sokaburu jarri eta ezkerrera jo nuen. Arrokaren kalitatea hobetzen hasi zen, baina aseguratzeko tarteak erabat gutxitu ziren. Emeki-emeki ‘Titanic’-i metro gehiago gehitu genizkion. Une batean misto eskoziarraren itxura zeukan tarte bat aurrean genuen. Egoera ez zen batere erosoa, goiko aldetik elurra erortzen baitzen; seguruak jartzeko garbiketa lan ikaragarriak egin genituen! Bigarren Zutoinera iritsi, eta han gure hirugarren eta laugarren gauak igaro genituen».

Harrigarria bada ere, puntu horretan lau bide gurutzatzen dira: “Eskoziarren zutoina”, “Seven Pillars of Wisdom”, “Titanic” eta 1968. urteko “Poloniarren bidea”. Tomaszewskik eta Marcinek diagonalean mistoko zati luze bat jarraitu zuten, eta bat-batean 400 metroko murru bat aurrean jarri zitzaien: «Horma ederra da, eta era askean zein artifizialean metroak egin genituen. Faila natural batera heldu bezain laster, ohartu ginen aurrean zegoen arroka oso txarra zela. Gainera, bloke solte asko zegoen. 20 luze egin eta gero, hamaka prestatu genuen. 890 metro independente poltsikoan genuen, baina, arrokaren kalitate txarra zela eta, duela zazpi urte bakarka zabaldu nuen bidera jo genuen. Bost luze gainditu eta Hirugarren Zutoinaren goiko aldera heldu ginen».

Une horretan zailtasun tekniko gogorrenak gaindituak zituzten, eta, arazorik gabe, abenduaren 6an, arratsaldeko ordu bietan, tontorra zapaldu zuten. Protagonistok onartu dute Lauper izeneko isuria baldintza eskasetan zegoela. 18 rappel egin eta Hirugarren Zutoinaren goiko aldera iritsi ziren: «Jaitsiera hori nahiko epikoa izan zen; arroka askatzen zen, sokak trabatzen ziren, une batzuetan hauek moztu egin genituen, parabolt batzuk atera ziren… Egoera latz baten aurrean geunden, iluntasun gordinean gure bidea aurkitzen saiatzen ari ginen. Leher eginda eta deshidratatuta gaueko 20.30ean hamakara heldu ginen. Biharamunean, Hirugarren Zutoinean gure sokak berreskuratu eta, 40 rappel egin eta gero, paretaren oinarrira iritsi ginen».