GARA
ISTANBUL

Muturreko hotzaldiak dozenaka hildako utzi ditu Europan

Azken bi egunetan hotzak 10 hildako eragin ditu Polonian, 7 Italian, Istanbul geldiarazi du eta Moskuko Eguberririk hotzena ekarri du.

Hogei gradu zero azpitik markatu dituzte termometroek Polonian, eta, agintariek emandako informazioaren arabera, azken bi egunetan hamar lagun hotzez hil dira. Herrialde horretan uste dute hildakoen kopuruak gora egin dezakeela oraindik, termometroek gorako joerarik ez baitute bihar arte izango.

Italian ere hotzaldi tragikoa izan dute: gutxienez zazpi hildako bi egunetan, horietako bost etxerik ez dutelako kalean bizi zirenak, nahiz eta agintariek neurri prebentiboak hartu zituzten. Aurten lurrikarek astindu dituzten Italiako erdialdeko Amatricen eta Accumolin elur asko egin du. Gaur jolastekoa zen Lehen Mailako futbol partida bat, Pescara-Fiorentina, bertan behera utzi dute eguraldiaren eraginez.

Moskun ostiral gauean 30 gradu zero azpitik izan zituzten. RIA Novosti agentziaren arabera, azken 120 urteotan ezagutu duten Eguberririk (ortodoxoek urtarrilaren 7an ospatzen dute) hotzena izan da aurtengoa. Ipar-mendebaldean dagoen San Petersburgo hirian termometroek ez zuten horrenbesteko hotzik markatu (24 gradu zero azpitik), baina Poliziak hipotermiak jota hildako gizon bat aurkitu zuen.

Hegoalderago ere sekulako hotza pasatzen ari dira. Turkiako Istanbul hiri erraldoia erabat aldatu zuen atzoko elur ekaitzak. Hiria geldiarazteaz gain, ehunka hegaldi bertan behera utzi behar izan zituzten eta Bosforo itsasarteko ontzi zirkulazioa eten egin zuten. Meteorologoen arabera, gaur seguru asko ez du elurrik egingo, baina muturreko hotzarekin jarraituko dute Istanbulen.

Iraketik irten, Bulgarian hil

Ostiral gauean Bulgariako hego-ekialdean dagoen Strandja mendiko baso batean Iraketik ihes egindako bi lagunen gorpuak aurkitu zituzten. Turkiako muga oso gertu zuten oraindik.

Gerra eta pobreziatik ihesi Afganistandik heldutako 20 urteko gazte baten gorpua joan den asteartean aurkitu zuten Grezian, nahiz eta agintariek orain aste batzuk iragarri errefuxiatu denak berogailuak dituzten kanpin dendatan sartu zituztela. Atenas hiriburuan 0 gradu zituzten atzo, baina iparraldean termometroek 15 gradu markatzen zituzten, zero azpitik.