J.L.
PILOTA

Asko kostata hartu du Gixandutek mendean Amulet

Gixandutek lortu du Berezkoen Buruz Burukoan aurrera egitea, Amuleti 40 eta 39 irabazi ostean. Emaitzak emozioa soberan izan baldin bazuen ere, ezin esan neurketa ona izan zenik, bi pilotariek huts asko egin baitzituzten partidan zehar.

Neurketan zazpi berdinketa izan ziren eta azkenean sakeak garrantzi handia izan zuen, irabazleak hamar egin baitzituen eta lau gutxiago galtzaileak. Markagailua honela mugitu zen: 6-0, 13-13, 25-25, 27-27, 29-29, 30-30, 33-33, 39-35, 39-39 eta 40-39. Gixandutek Bilbao izango du aurrean hurrengo kanporaketan.

Gaurko kanporaketa Donibane Garaziko Garat trinketean jokatuko da. Jaialdia 16.00etan hasiko da, eta bigarren partidan neurtuko dira Ezkurra eta Ospital. Gaztea eta beteranoa izango dira beraz aurrez aurre. Pasa den astean Paxkalek erakutsi zuen lehengo jokoa ez izan arren kalitateak hor jarraitzen duela, eta min egiten duela. Kontuz ibili beharko du Ospital gazteak partida irabazi nahi badu. Ezkurra da faboritoa.