Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
DONOSTIA
SURF & BODYBOARD

Ez da aldaketa handirik espero mundu mailako zirkuituetan

Sasoi berrirako itzuli desberdinetako txapelketak non izango diren iragarri dute. Lehen mailako surf txapelketetan aldaketa handirik ez, ezta lehiakideei dagokienez ere. Munduko bodyboard itzulian ere berrikuntzarik ez, eta olatu handien itzulia oraindik indarrean da.

Egunkari honetan astelehenero hizpide ditugun hiru zirkuitu nagusietan (WSL, BWWT eta APB) ez da aldaketa handirik izango 2017an. Hona hemen hasi berria den urtean itzuli desberdinetan kontuan hartzekoak izango diren zenbait kontu.

World Surf League

WSL zirkuituko lehiakideen artean ez da aldaketa handirik izan lehen mailan. Aurten ere 34 mutilek eta 17 neskak osatuko dute mundu mailako itzuli gorena. Mutilen CT itzulia hamabi australiar, bederatzi brasildar, lau estatubatuar, hiru hawaiiar, bi frantses, portugaldar bat, italiar bat, hegoafrikar bat eta tahitiar batek osatuko dute. Nesken WCT zirkuituan berriz, zazpi australiar, bost hawaiiar, hiru estatubatuar, frantses bat eta hegoafrikar bat izango dira.

Mutiletan aurten izango den kasu esanguratsuena Joan Duru frantsesarena da. Ama Donibane Lohizunekoa duen Landetako surflaria oso ezaguna da euskal kostaldean eta Lapurdiko surflarien artean lagun asko eta sostengu handia du.

Aurten lehiakideen artean dagoen bigarren lehiakide frantsesarentzat ere garrantzitsua izango da datorren sasoia. Jeremy Flores Reunion uharteetako surflariak aurtengoan hamar urte beteko ditu lehen mailan. Ozta-ozta sartu da lehen TOP-34an, izan ere, bigarren mailan (QS) lortutako emaitzei esker eutsi ahal izan dio lehen mailari.

Taj Burrow-ek bezala beterano gutxi batzuek lehiatzeari utzi dioten arren, oraindik Kelly Slater, Mick Fanning, Parkinson, Adriano de Souza edo Jordy Smith bezalako surflariak geratzen dira lehen mailan, baina hauetako batzuentzat Tourreko azken urtea izango da.

Mutilen kasuan iazko txapelketa berberak izango dira aurtengo itzulian, guztira hamaika txapelketa. Urtero bezala, martxoan hasiko da lehen mailako WSL itzulia Australian, Gold Coasten eta Hawaiin amaituko da abenduan, Pipeline urautsian.

Nesken kasuan ere gauza bera, ez da aldaketarik izango txapelketen lekuei dagokienez. Guztira hamar lehiaketa izango dira eta mutilekin batera hasiko dira Australian. Amaitu ere Hawaiian egingo dute, baina Maui uhartean.

Kieren Perrow WSL erakundeko zuzendariaren esanetan, «egutegia osatzerakoan aniztasuna bilatzen dugu, mundu osoko urautsi desberdinak hautatzen ditugu, kalitatezkoak, eta hala, munduko surflari onenak zeintzuk diren esaten dugu»

Big Wave World Tour

Olatu handien tourra berezia da, bi urte hartzen baititu. 2016-2017 urte sasoiko itzulia amaitzeko bi hilabete falta dira; izan ere, oraindik otsailaren 28a bitartean Kalifornia Behereko kostaldean itsaski handi bat sartzen bada Todos Santoseko txapelketa egin ahal izango da.

Azken itzulian egin diren aldaketak esanguratsuak eta arrakastatsuak izan dira. Olatu handien itzulian Puerto Escondido (Mexiko), Pe'ahi (Hawaii) eta Nazare (Portugal) urautsiak txertatzeko erabakiak ikusmin handia sortu zuen, eta beranduago ikusi ahal izan den moduan, asmatu zuten sekulako ikuskizuna izan baita azken txapelketetan.

Goiz da BWWT 2017/2018 itzuliko txapelketak zeintzuk izango diren esateko, baina itxura guztien arabera ez da aldaketarik izango. Ipar eta hego hemisferioetan hiruna txapelketaz osatutako itzuliaren formatuak emaitza onak eman ditu.

Horrez gain, momentu honetan zirkuitua osatzen duten urautsien funtsezko desberdintasunak aurki daitezke olatu motari dagokionez eta aniztasun horri esker egungo zirkuitua oso ongi osatua dagoela esan daiteke; beraz, ez da aldaketa handirik espero.

APB bodyboard itzulia

Munduko bodyboard txapelketak antolatzen dituen APB (Association of Professional Bodyboarders) erakundeak 2017rako txapelketen egutegia argitaratu du eta zazpi herrialde desberdinetan egingo diren hamaika txapelketez osatua egongo da.

Txapelketa apalenak izar batekoak izango dira (1.000 puntu) eta puntu gehien ematen dutenak (6.000) berriz, Grand Slam mailakoak. Horrela, irabaz sariak ere txapelketak izan ditzakeen izarren arabera 5.000 eta 35.000 dolar estatubatuar artekoak izango dira.

Urte amaieran kontuan hartuko diren emaitzak honakoak izango dira; batetik, lehiakideek Grand Slam mailako txapelketetan lortutako hiru emaitza onenak, eta bestetik, izar desberdinetako txapelketetan lortutako bi emaitza onenak.

Soilik mutilen kategorian izango dira Grand Slam mailako txapelketak eta guztira lau lehiaketa baino ez dira izango: Teahupoo (Tahiti), Itacoatiara (Brasil), El Gringo (Txile) eta Nazare (Portugal). Txapelketa hauetan pasa den urtean ranking orokorreko lehen 24 postuetan izan ziren lehiakideek parte har dezakete. Horien artean da, esaterako, 2016ko zirkuitua bosgarren postuan amaitu zuen Alex Uranga zumaiarra.

Nesken eta 18 urtetik beherakoen (junior) kategorian bederatzina txapelketa izango dira eta drop-knee (belauniko) kategorian berriz, munduko txapela eskuratzeko lehiaketa bakarra izango da, irailean Portugalgo Praia Grande hondartzan egingo dena, hain zuzen ere.

Zirkuitutik aparte “Shark Island Invitational” txapelketa berezia egiteko laguntza eskaini du APB erakundeak eta urautsi mitikoan olatu onak izateko itxaronaldi epea martxoa eta urria artean luzatuko da.

Urtero bezala, lehen txapelketa otsailean egingo da, Hawaiin, Pipeline urautsi famatuan eta sasoiko azken txapelketa ere, betiko moduan, Kanaria uharteetan izango da, El Fronton izeneko olatu ezagunean.