Jon LEUNDA
Aizkora

Txapeldunek oso indartsu ekin diote Binakakoari

Mugertzak eta Atutxak alde nabarmenarekin hartu dituzte mendean Azurmendi eta Mindegia.

Ez zen ezusterik izan atzo Deban, eta Aitzol Atutxak eta Ugaitz Mugertzak irabazi egin zuten Urrezko Aizkorako Binakako saioko lehen neurketa. Aurrean Irazu eta Patxi Mindegia ziren izatekoak, baina Jon Irazu min hartuta dago eta bere ordez Iñaki Azurmendi aritu zen Miel Mindegiaren semearekin bikotea osatuz.

Jendeak ez zuen erantzun handiegirik eman: hotza protagonista izan zen eguerdian eta 100 ikusle pasatxo bakarrik joan ziren saioa ikustera. Proba ezberdinak egin behar izan zituen bikote bakoitzak, abiadura eta iraupena uztartuz.

Lehen zati horretan abiadurako probak izaten dira eta faboritoak nagusi izan ziren, nahiz eta aurkariak ere pare samarrean ibili. Denek garbi zuten azkeneko proban erabaki behar zuela norgehiagokak, baina lehen zati honetan ere tarte handi samarra hartu zuten egungo txapeldunek. 

Honela, azkeneko probara, iraupen probara, minutu eta 40 segundoko aldearekin iritsi ziren Mugertza eta Atutxa, eta garbi zegoen alde handiegia zela Azurmendirenzat eta Mindegiarentzat, eta horrelaxe izan zen azkenean. Arriarangoa eta Zubietakoa saiatu ziren, baina ez ziren aurkako alde horri buelta emateko gai izan, eta amaieran egungo txapeldunek lortu zuten garaipena. 19 minutu eta 29 segundo behar izan zituzten Aitzol Atutxak eta Ugaitz Mugertzak lan guztiak burutzeko, eta 21 minutu eta 4 segundo, berriz, Iñaki Azurmendik eta Patxi Mindegiak.

Atzoko egunak bazuen beste datu berezi bat ere, lanean izan baitzen Patxi Mindegia. Goi mailako aizkora utzita egon ostean, pasa den urtean itzuli zen berriro ere lehiaketetara Zubietakoa. Horrela, Nafarroako Hirugarren Mailako txapela jantzi zuen, eta Euskal Herriko Hirugarren Mailakoan, berriz, finala jokatu zuen. Orain Urrezko Aizkoran izango du bere aukera. Itxura ona eman zuen, eta garbi ikusi zen lantegi hau egokia izan daitekeela beretzat. Abiadurako probetan min egin dezake, kolpe handikoa baita Patxi.

Iñaki Azurmendi atzo ordezko lanak egiten aritu zen Irazuren lekuan, eta orain ikusi beharko da zizurkildarrak zenbaterainoko lesioa duen eta hurrengoan lehiatzeko moduan izango den edo ez.