Gotzon Elizburu
Kazetaria
JO PUNTUA

Frankotiradorearena

Ez dituzu ikusten, baina hor daude. Adi talaia batetik begira, euren jomugaren zain. Zeru guztien gainetik eta sasi guztien azpitik, tiroa prezisio osoz botatzeko prest. Zu ondo, zu gaizki. Hori bai. Hori ez. Modan dago. Tendentzia da.

Ez dira ez aitaren etxeko, ezta amaren etxeko ere. Twitterren edo tertulian daude erregistratuta ausartenak. Sarean galdutako blog batean, anonimotasunean, koldarrenak. Batzuk troll besteak cool.

Dena murrizten da logika sinpleetara. Denarentzat soluzioa dute. Dena da borondate falta. Aspaldi borroka irabazita behar genuen. «Hau egin behar duzu» edo «beste hori egin behar duzu». Kasu! Zuk egin behar duzu. Garai ustez likido hauen ezaugarri behinena kurioski. Hau erre, besteari sua, tori leloa baina norberari dagokion erantzunkizunik hartu gabe.

Ez dut demagogikoa izan nahi, ordea. Eztabaida publikoa ezinbestekoa da, jende helduz osatutako herri heldu bat eraiki nahi badugu. Kontsekuentea dena eta arazoei erantzukizunetik aurre egiten diena. Eta horretan, iritzi kritikoak, «ei, zertan zabiltzate» tokeak, «hau beharbada horrela baino beste era honetan egitea egokiagoa litzateke» jakinarazpenak beharrezkoak dira, beti ere jarrera eraikitzailean. Modu egokian.

Eta modu egokia da, nire ustez, iritzi truke horiek lokatzetan sartuta egitea. Hor goitik zerbait ikusten denean, zuzenean tiroa bota ordez, behera jaitsi eta ikuspegia konpartituz. Eta modu sano batean eztabaidatuz. Talaiatik begira egonda, bista panoramikoa izaten delako, baina sakonean gertatzen ari diren zenbait elementu ez direlako ikusten.

Dena eskema sinplistetara murrizteak mesede baino kalte gehiago egiten duelako sarri. Jendeari gauzak sinple eta erraz azaldu behar zaizkio, ados. Baina horretarako lehenik ezinbestekoa da gauzen eta gertakarien konplexutasun ahalik eta zabalena kontuan izanda analisi zorrotzak egitea. Elementu objektiboak eta subjektiboak mahaigaineratuz. Analisian okertzen bagara, estrategia okerra izango baita ziur.