Ixabel Etxeberria
Irakaslea
JO PUNTUA

Argi berriak

Eramaten ez ditugun borrokak dira galtzen ditugunak. Hau da errealitate gordina urte hastapen honetan. Ondoko hilabeteetan frantses presidentearen hautaketarako garaiak izango dira eta ondoren frantses parlamenturako hauteskundeak. Dagoeneko espektakulu ikaragarria eskaintzen digute. Lehenik eskuinak, Fillon hautaturik, gero beldurgarriaren proposamena egin digu Marine Lepeni oztopo egiteko. Fillonek frantses herritarrekin benetako hitzordua ikusia du eta dirudunei laguntza eta besteei babes sozialaren kentzea proposatzen du. Eskuin muturrak baino politika okerragoa, baina eskuin presentableagoa. Zinismo hutsa! Haatik, negargarriagoak ditugu alderdi sozialistako hautagaiak. Norberak du programa bat aurkezteko, bereziki alderdi bat defenditzeko, alderdi honek ez duelarik inongo hurbiltasunik herritarrekin, alderdi honek gobernuaren politika neoliberala hobetsi duelarik. Alderdi Sozialista ez da bigarren itzulian egongo, beraz jokatzen duten antzerkiak ez die deus ekartzen gaur egun herritarrek dituzten arazoei.

Segur aski ezkerretik balegoke zer egin, hilabete gutxi gelditzen dira eta argi batzuk pizten ikusi ditugu Notre Dames de Landes-eko ekintzaileek eraman borroka garaipenera heldu delarik. Baliteke borroka horrek jarraitu behar izatea baina lehen oztopoa gainditzea lortua izan da. Bestalde, errefuxiatuei buruzko frantses politikarekin bat ez zetorrelako laborari batek errefuxiatuak aterpetu ditu. Horregatik epaitua eta kondenatua izan da. Injustiziari buru egiteagatik. Akizeko auzian zergen ihesa plazaratua izan da, hor berriz ere herritarrak dira altxatu. Borroka horiek mugimendu berriak iragartzen dituzte, lan asko gelditzen bada ere.

Mundu ezegonkorrean, non Ameriketako Estatu Batuak, Txina eta Errusia urrats handietan dabiltzan, norbera bere norabidea inposatu nahian, gure herria independentziarantz eramateko ildoen finkatzeko urtea izan beharko da. Hau izango baita urtarrileko manifetara ez joateko aukera bakarra. Askatasun lerroak zailenak dira, bereizteko lanak errazenak eta aginte guneak ilun eta galduenak. Argi berriak piztuko dira.