GARA
BAMAKO

Maliko bake prozesua kinkan ipini du Al Qaedaren eraso suizidak

AQMI Islamiar Magrebeko Al Qaedak gutxienez 60 hildako eta 117 zauritu eragin zituen joan den asteazkenean Gao Maliko iparraldeko hirian egin zuen eraso suizidaren bitartez.

Biktima guztiak soldaduak edo 2015ean sinatu ziren bake akordioekin bat egin zuten milizietako kideak ziren (Azawad koordinadorako tuareg independentistak, alde batetik, eta Maliren batasunaren aldeko tuaregak bestetik). Aipatu akordioetan aurreikusten diren patruila bereziak (borrokan elkarren aurka aritu ziren indarrak elkarrekin aritzea zen asmoa) hastear zeudela iritsi da erasoa. Al Qaedak berak jakinarazi du atentatua Abdelhadi Al Fulanik egin zuela. Talde berak bere gain hartu zuen 2016ko azaroaren 29an Gaoko aireportuaren aurka egindako erasoa.

«Eraso honen bitartez, argi utzi nahi dugu ez dugula inolaz ere onartuko ez kuartelak ezartzea ez okupatzaile frantsesaren mendean egongo diren patruilak antolatzea», irakur daiteke jihadisten agirian.

Erasoa jasan zuen basean 600en bat lagun zeuden kamikazeak bertaraino iristea lortu zuen momentuan. Lekuko batzuek esan dute Maliko Armadak erabiltzen dituen ibilgailuak bezala margotuta zegoela erasotzaileak erabili zuena, eta horri esker lortu zuela oztopo guztiak gainditzea. Begiraleek nabarmendu dute oso une berezia aukeratu zutela jihadistek beren erasoa egiteko, patruila horiek oso garrantzitsutzat jo baitira, Maliko iparraldera egonkortasuna eramate aldera.