Asier AIESTARAN
Eskubaloia

Zuazoren edo Bera Beraren bolada amaitzear dago

Goi mailako derbia Barakaldon: donostiarrek partida guztiak irabazi dituzte; bizkaitarrek, etxeko guztiak.

Azken urte eta erdian ohitura sanoa bilakatzen ari den arren, nekez aurki daiteke gaur egun maila handiagoko derbi bat euskal kirolean. Barakaldoko Lasesarre kiroldegian, 19.30ean hasita, Super Amara Bera Bera liderrak Prosetecnisa Zuazo laugarren sailkatuari bisita egingo dio lehen itzuliko azken-aurreko jardunaldian.

Lehiak, nahitaez, bi taldeetako baten bolada ona amaitzea eragingo du. Deigarriena agian donostiarrena da, orain arte Ligan jokatutako partida guztiak irabazi baitituzte –gaur ere garaipena lortzen badute gorengo mailan inoiz lortu duten hasierarik onena litzateke, Juanjo Alvarezek 2013/14an egin zuena hobetuz–, baina Zuazorena ere aipagarria da, orain arte etxean jokatutako partida guztiak irabazi egin baititu.

Logikoa denez, gaur ere Bera Bera irtengo da faborito, daramaten ibilbideaz gain, bi taldeek elkarren aurka jokatu duten azken aldietan garaipena donostiarren aldekoa izan delako. Aurrekaririk gertukoena orain bi aste jokatu zuten Euskal Kopako finala da, eta orduan 17-31 irabazi zuten gipuzkoarrek. Denboraldi hasieran, Iruñean jokatutako Superkopan, emaitza 32-21ekoa izan zen, nahiz eta bizkaitarrak aurretik joan atsedenaldira (12-13). Eta gogoan dute bi taldeek iazko Kopan jokatu zuten finala, donostiarrek 17-33 irabazi zutena.

«Guretzat arriskutsuena beraien joko azkarra da; deabruen moduan egiten dute korrika. Geldikako erasoetan aurre egitea errazagoa da, baina Tempranok baloia hartzen duen bakoitzean paseak milimetrikoak dira eta horregatik baloi galtzeak ekidin behar ditugu», aztertu du egunotan Juanjo Gonzalez Zuazoko entrenatzaileak.

Bai kantabriarrak bai Montse Puche Bera Berako entrenatzaileak beren ia talderik onena pistaratu ahal izango dute gaur Lasesarren. Zuazok Oihane Manriqueren baja du, belauneko lotailuan min hartuta dagoela-eta, eta Bera Berak Eider Lizarbe bigarren taldearekin jokatzen uztea erabaki du.

Eskubaloi ikuskizun onena, beraz, ziurtatuta dago.