Gotzon Elizburu
Kazetaria
JO PUNTUA

Sintesia

Arnaldo Otegik ederki azaldu zuen joan den larunbatean Sorturen Birfundazio Kongresuko amaiera ekitaldian. Klase borrokak Euskal Herrian nazio askapenaren forma hartzen du. Beraz, kontraesan nagusia hemengo errealitatearen arabera nazio zapalkuntza da eta hori gainditzeko modua Estatu propio bat izatea, sozialismoaren bidean urratsak egin ahal izateko. Hau ez da berria noski, baina bai ahaztua zenbaiten artean krisi testuinguru honetan jarraitu beharreko estrategiaz jardutean. Arnaldok gaineratu zuen Estatu hori ezkerrekoagoa edo eskuinekoagoa izatea prozesuan bertan artikulatzeko gai garen indar harremanen araberakoa izango dela. Hori ez dago determinatuta. Borrokak determinatuko du.

Aste honetan irakurri dut sareko foro batean euren burua iraultzailetzat duten batzuen partetik egungo kontraesan nagusia nazioa vs klasea dela. ETAren V. Asanbladatik ezker abertzalea gidatu duen sintesi nagusia haizea hartzera bidaltzen du beraz tesi horrek. Estrategia independentista burges-txikia da noski, estrategia interklasista baten bidez sortuko den Estatua burgesa izango delako. Nazioa vs klasea, nazionalismoa langile klasea abduzitzeko eskuin muturraren tresna bilakatu delako. Ez zaizu ezaguna egiten diskurtso hori?

Estrategia tokiko eta garaiko errealitatera egokitu behar dela diote. Ados. Beraz zein da planteatzen duten estrategia? Iraultza permanentea? Gamonalen eta Euskal Herrian jarraitu beharreko estrategia berdina da? Euskal Herriaren nazio zapalkuntzak ez al du analisia eta estrategia egokitzea eskatzen?

Modan dago zenbait kontzeptu erreformista gisa identifikatu eta alboratzea borroka esparru gisa ulertu beharrean: demokrazia, Estatua, nazioa... Borrokatik erretiratzea borroka galdutzat ematea da nire ustez. Eta halako planteamenduek aldaketa sozialerako aukerak ostrazismora eta beraz porrotera kondenatzen dituzte. Gogortasuna bai eta indar gutxi. Eta indar gutxi duenez gero eta diskurtso erradikalagoa, politika ahaztuz eta estetikan eroso galduz.