Jon ORMAZABAL
PILOTA

Klasikoegia aurrelarirako eta garai berriko atzelari

Urretabizkaiak inoiz aritu gabeko postuan emango du profesionaletara jauzia.

«Profesionaletara jauzi egiteko zaharregiak gara». Hala zuen izenburutzat 2015eko irailean Tolosaldeko Atarian Beñat Urretabizkaiari egindako elkarrizketak. Tolosako Lau eta Erdiko San Joan Saria eta Buruz Buruko Joxan Tolosa txapelketak irabazi izanagatik, ez zuen bere burua profesionaletan jokatzen ikusten. Urte eta erdi beranduago, otsailaren 27an emango du pilotari denek amesten duten jauzia, Asegarcerekin Tolosan, baina hau ez da ezusteko bakarra, bizi guztia aurrelari bezala jokatu ostean, atzelari bezala sinatu baitu bi urteko kontratua.

«Denak harrapatu nau ustekabean, hilabeteko kontua izan da dena. Entrenamendu bat egin nuen Aurrerako taldekideekin, Mikel Olaetxea dugu entrenatzailea eta hark esan zidan, atzelari bat falta zela, eta ea zergatik ez nuen atzean probatzen. Nik, hasiera batean, ez nuen gogo handirik, neure burua ez nuen horrela ibiltzeko ikusten eta lotsa pixka bat ere ematen zidan, jendeak zer esango ote zuen ere banuen kezka, baina egun batetik bestera esan zidan Ruben Belokirekin hitz egin zuela eta entrenamendu batera joateko. Tolosan bertan izan zen, gauzak uste baino hobeto irten ziren eta hurrengo asteartean berriz itzultzeko eskatu zidan eta halaxe iritsi da hau guztia», aitortu zion Ikaztegietakoak kontratu berria sinatu eta gutxira.

Egia osoa aitortzen hasita, aurretik bazuen probatxo bat egina, baina emaitza guztiz bestelakoa izan zen. «Alegiako Intxurre pilota eskolan aritzen naiz irakasle eta festetarako txapelketa bat antolatzen dugu. Hor ere atzelaria falta eta probatzeko esan zidaten. Ez nuen entrenatzerik izan eta partidara hala joan nintzen eta gauza ez zen batere ondo atera, oso partida txarra jokatu nuen eta hortxe geratu zen dena».

Entrenatu beharra

Binaka baino buruz buruko lehiatan aritu da ondoen afizionatuetan eta horrek «atzean jokatzearekin antzekotasun batzuk baditu, sakeak erantzuteko garaian, piloteoan askotan zazpi-zortzi koadro inguru horietan mugitu behar izaten dugu... Aukerak ditudala esan didate eta gogo faltagatik behintzat ez da geratuko».

Asegarcerekin egindako entrenamenduetan lehen mailako sparringak izan ditu, tartean Aimar Olaizola bera. «Ez nuen ezagutzen, pertsona bezala ere oso tipo jatorra da, artista bat. Baina beste erritmo bat da, pilota jotzeko beste era bat, pilota askoz biziago ibiltzen da… Baina hauxe dago eta lehenengo xuabe-xuabe hasi beharko dugu bigarren mailan eta zorterik bada ea gora egiterik badudan».

Izan ere, oraindik baditu zalantza batzuk bere buruarengan. «Baiezkoa eman badute ondo baina nik egia esan, aurretik entrenatu egin nahi dut, probatu... neure buruarekin konfiantza izateko. Oraindik hau dena berria da niretzat eta ez dakit zenbat jokatu dezakedan, entrenatu egin nahi dut». Horrexegatik, enpresarekin hitz egin eta gero, debuteraino ez du beste partidarik jokatuko –biharko Kluben arteko finalean jokatzeko ilusio handia zuen– eta buru-belarri arituko da postu berrirako egokitze lanak egiten.

Urretabizkaiak oso argi dauka, berea oso egoera berezia dela, enpresen gaur egungo enpresen politika berriak eragindakoa. «Nik uste dut afizionatuetan maila handiko atzelariak badaudela, hemen bertan Xabi Telletxea bat, Aitor Gorrotxategi, Xabi Murgiondo azpeitiarra... baina kontua da enpresek gazteei begiratzen dietela soilik. Hauek 27, 28 edo 29 urte dituzte eta gazteagoak nahi dituzte. Nik 24 bete berriak ditut».

Hortxe du aspalditik ezagutzen duen Jon Jaunarenaren adibidea. «Ni ere aurrean ibili naiz, baina ez nintzen airez jokatzekoa, baldar xamarra nintzen, tantoa amaitzea kostatu egiten zitzaidan, botera jokatzen nuen gehiago». Klasikoegia aurrelarirako, garai berriko atzelari.

 

Errebantxa gogoz Kluben Nazionalean

Ezin estuagoa suertatu zen iazko Kluben arteko Txapelketako finala, azken partidako azken tantoan lortu zuen txapela Usurbilgo Pagazpek eta porrot mingarri horri buelta emateko aukera izango du Tolosako Aurrerak bihar –arratsaldeko 16.30ean hasita– Amezketako Larrunarri pilotalekuan jokatuko den finalean.

Urtetik urtera lehiaren maila igo den arren, Gipuzkoako bi talde indartsu hauek oso txapelketa bikaina jokatu dute eta berriz ere sailkatu dira pilotazaleen ikusmina sortu duen finalerako.

Bi taldeetan azken uneko huts garrantzitsuak egon daitezke, Urretabizkaiak ez du jokatuko tolosarrekin eta ikusteke dago Santxo bertan egongo ote den buruz buruko lehiarako. Entrenatzaileek ez dute pistarik eman baina bi taldeetan punta-puntako pilotariak dituzte jokatzeko: Arratibel, Exposito, Eneko Labaka, Urbieta, Gorrotxategi, Telletxea... J.O.