GARA
USURBIL

Usurbilek martxoaren 19rako galdera erabaki nahi du

Datorren maiatzaren 7ari begira Usurbilek egingo duen galdeketa prestatzeko, lanean jarraitzen du herriak. Iragan igandean egindako topaketan iragarri zutenez, orain arte ekimenaren aldeko babesa biltzen aritu da Herritzartu plataforma. Gaur-gaurkoz, 600 herritarren baino gehiagoren sinadura eta herriko 29 eragileren atxikimendua jaso dute sustatzaileek.

Asteburuko hitzorduan, hain zuzen, lehen atxikimendu fasearen erakustaldia egin zuten pilotalekuan. «Iragan eta ideologia ezberdineko» 400 herritar elkartu ziren, «batzen gaituen etorkizunaren alde; erabakitzeko eskubidearen alde eta maiatzaren 7ko herri galdeketa babestuz».

Elkarretaratzean presente izan zituzten Katalunia eta bertako prozesu herritarra. «Jasaten ari diren jazarpen judizialaren aurrean gure elkartasunik beroena adierazi nahi diegu. Erabakitzea demokrazia baita. Herrien etorkizuna herritarrok erabakiko baitugu eta ez auzitegiek», adierazi zuten.

Bigarren fasea: galdera erabaki

Baieztatu zutenez, atxikimendu faseak aurrera jarraitzen du, baina bigarren fase bat ere hasi dute Usurbilen: maiatzaren 7ko galdera adosten hasiko dira hemendik aurrera. Helburua, martxoaren 19rako galdera erabakitzea; beraz, ohartarazi zuten, «badugu lana, denontzako egongo da zer egina».

Galdera martxoaren 19an iragarri nahi du Usurbilek, hain zuzen Euskal Herriko hainbat herri eta eskualdek erabakitzeko eskubidearen alde galdeketak egingo dituzten egun berean. Besteak beste, Hernanik, Oiartzualdeak, Astigarragak eta Tolosaldeak dute hitzordua.