Astea

Jardunaldia. Realak estreinatuko du larunbatean 18. jardunaldia, Zubietan Bartzelonaren bisita jasoz (10.45, BeIn La Liga). Oiartzunek eta Athleticek igandean jokatuko dute, 12.00etan: Tacuenseren aurka zuri-gorriek (ETB1) eta Sportingen kontra gipuzkoarrek, Colombinon.

Fitxaketak. Lola Gallardoren lesioa dela eta, Atleticok Maria Isabel Rodriguez atezain gaztea fitxatu du. Levantek, bestetik, Boli Kostako Ida Rebecca Guehai erdilariaren fitxaketaren berri eman du.

Deialdia. Espainiako 19 urtez azpiko selekzioarekin datorren astean entrenatzeko deitu dituzte Andrea Sierra, Maite Oroz, Lucia Garcia, Ane Azcona eta Damaris Egurrola Athleticeko jokalariak. Pauldarrak taldeko Amaia Garciak, bere aldetik, Ingalaterran lehiatuko den UEFA Garapen Txapelketa jokatuko du Espainiako 16 urtez azpiko selekzioarekin.

Txapelketa. Lezaman lehiatutako bigarren fasearen ondoren, Euskadik Espainiako 16 urtez azpiko Txapelketa autonomikoaren azken fasea jokatuko du, Valentzia, Madril eta Kataluniako selekzioekin batera.

Champions. Martxoan final-laurdenak lehiatuko dituzten taldeen fitxaketen zerrenda gero eta luzeagoa da. Fortunak Guro Pettersen atezaina eta Chu Santos brasildarra fitxatu ditu. PSGra Natasa Andonova eta Formiga mitikoa heldu dira. Irene Paredesek, bestalde, gola sartu zuen Pariseko taldeak igandean Rodezen lortutako garaipenean (0-3).

Kanada. Mexikorekin jokatutako lagunartekoarekin, Kanadak Jokoetako brontzezko domina ospatu nahi izan zuen eta, batez ere, selekzioarekin ibilbide luzea egin duten hiru jokalari agurtu: Rhian Wilkinson, Melissa Tancredi eta Marie-Eve Nault.

Australia. Melbourne Cityk bigarren aldiz jokatuko du igandean W-Leagueren finala, luzapenean Canberra United gainditu ondoren (1-0). Aurrean, Sidney –denboraldi erregularraren garailea– jipoitu zuen (5-1) Perth Glory izango du.