Asier AIESTARAN
Arrauna

Mila arraunlaritik gora bilduko ditu larunbatean Oriaren Traineru Jaitsierak

Larunbat honetan ospatuko da Oriaren Traineru Jaitsieraren 23. ekitaldia, negu garaian Euskal Herrian egiten den arraun probarik garrantzitsuena. Antolatzaileek 78 ontzik parte hartzea espero dute eta mila arraunlaritik gora bertaratzea (1.072ko kopuru zehatza aipatu zuten atzoko aurkezpenean).

Jaitsiera 16.00etan hasiko da Kataluniatik etorritako lau llagut ontziekin. Ondoren irtengo dira jubenil mailako sei traineruak, beteranoen hamalauak (bat emakumezkoena) eta emakumezkoen beste hamazazpiak, tartean Levante aldetik etorritako hainbat. Denek 4.000 metroko ibilbidea egingo dute Saikolan hasi eta Orioko zubiraino.

Gizonezkoen senior mailan, berriz, 37 traineruk hartuko dute parte. Horiek 6.000 metroko ibilbidea beteko dute Mapiletik irtenda, eta aurreneko ontzia 16.35 aldera irtengo da. Gizonezkoek VI. Babyauto Ikurriña izango dute jokoan, eta emakumezkoek III. Babyauto Ikurriña.

Zorionez, larunbaterako eguraldi goxoagoa aurreikusi dute eta badirudi ez dela iaz gertatu zena errepikatuko: eguraldi txarraren ondorioz proba bertan behera utzi behar izan zuten bezperan bertan (2010ean ere horixe gertatu zen). Kasu honetan aitzakiarik ez Oriora hurbildu eta arraunaz gozatzeko.