Jon LEUNDA
errugbia

Avironentzat ezinbestekoa da Racing mendean hartzea

Lapurtarrak etxetik kanpo oso ahul dabiltza, baina horri amaiera emateko asmoa dute gaur gauean. Partida 20.45etik aurrera jokatuko da Parisen.

Sei Nazioak direla-eta, Top 14ak berez atseden bazuen ere, Baionako Avironek Racingen zelaian jokatuko du gaur 20.45ean. Neurketa hau urtarrilaren 7an zen jokatzekoa, baina orduan atzeratu egin zen.

Baionarrak ezin dira aurkaria zein duten begira egon, puntuak launaka batzeko premia baitute, bestela maila galduko dute. Zuri-urdinek badakite zer-nolako garrantzia izango lukeen gaurko garaipenak, eta asmo horrekin zelairatuko dira. Aiartza, Bordenave, Schuster, Arganese, Laboyrie, Leiatua, Igiñiz, Taufa, Donnelly, Huete, Jaulhac, Beattie, Chouzenoux, Marmouyet,Van Lill, Duhalde, Saubusse, Du Plessis, Lagarde, Le Bourhis, Lacroix, Lovobalavu, Fuster, Martial, Laveau eta Bustos Moyano dira deialdia osatu duten jokalariak.

Biarritz Top 14ra igotzeko itxaropena indartzen ari da. Herenegun gauean aurkari zuzen bat, Montauban, 34-10 hartu zuen mendean. Placines, Hamdaui, Arrate izan ziren entsegua lortu zutenak, eta laugarrena, berriz, zigor-entsegua izan zen. Lucuk lau transformazio eta bi zigor-kolpe gauzatu zituen.

Emakumezkoen Ohorezko Mailan, Getxo Arteak bihar, 12.00etan, Inef Barcelona hartuko du Faduran, eta bientzat izango da neurketa oso garrantzitsua, biak baitira ustez goian ibili behar duten taldeak.

Sei Nazioetan bigarren jardunaldia jokatuko da asteburu honetan, eta gaurkorako bi partida daude iragarrita. Bata 15.25ean jokatuko da, eta bertan Italia eta Irlanda neurtuko dira. Azken hauek irabazi beharra daukate zerbait egiteko itxaropenei eusteko. Bigarrena, lehen jardunaldiko bi irabazleen artekoa izango da, Galesen eta Ingalaterraren artean, 17.50ean, eta azkenik, etzi Frantzia eta Eskozia lehiatuko dira 16.00etan. Azken hauek lehen partida irabazi zuten, frantziarrek, aldiz, galdu egin zuten.