GARA
BILBO

Hautetsontzien zain, galderak Tolosaldean eta Uribe Kostan

Tolosaldean martxoaren 19an eta Uribe Kostan maiatzaren 7an egingo diren herri kontsulten galderak aurkeztu zituzten atzo Tolosan eta Sopelan, ekitaldi jendetsuetan. Uribe Kostan, «Euskal estatu burujabe bateko herritarra izan gura duzu?» da adostutako galdera, eta 16 urtetik gorako 25.185 herritar daude deituta honen gainean iritzia ematera, Lemoizen, Gorlizen, Plentzian, Barrikan, Urdulizen eta Sopelan.

Gertuago dute hitzordua Tolosaldekoek, martxoaren 19rako deitu baitituzte herri galdeketak 28 herritan. Hori dela eta, galdera zehaztu zuten atzo: «Nahi al duzu euskal estatu burujabe bateko herritarra izan?» eta motorrak berotzen hasi ziren, festa giroan. Hirurehun lagun inguru bildu ziren Tolosako Alondegian parte hartzeko deia egiteko.

Goizean, bizikleta martxa batek eskualdeko 28 herrietako parte hartzaileak bildu zituen, eta ondoren ekitaldia egin zuten Tolosan bertan. Herrietatik jaitsitako boto sinbolikoa sartu zuen ordezkari banak hautetsontzian, eta arratsalde partean trikitilariek, bertsolariek eta musikaz eta dantzaz girotutako herri bazkarian bildu ziren parte hartzaileak.

Gure Esku Dago herri ekimenak emandako datuen arabera, urte honetan zehar Euskal Herriko 520.000 herritar biltzen dituzten herrietan jarriko dira hautetsontziak, erabakitzeko eskubidea praktikan jarriz.

Era berean, ekitaldiak izan ziren atzo Deban eta Goizuetan galdeketetan parte hartzera deitzeko. Lehenengoan, maiatzaren 7an izango da herri kontsulta, eta ekainaren 18rako prestatzen ari dira hitzordua Goizuetan eta inguruko beste herri batzuetan.