Asier AIESTARAN
PILOTA

Irribarriak eta Rezustak auzoan nahi dute emozioa

Bederatzigarren garaipena lortu zuten gipuzkoarrek Labriten eta ligaxkak pil-pilean jarraituko du.

IRRIBARRIA-REZUSTA 22

ELEZKANO II.A-ZABALETA 18


Irribarriak eta Rezustak, finalerdietarako txartela poltsikoan izan arren, aurkariei inolako aukerarik eman gabe jarraitzen dute aurtengo Binakako Txapelketan. Atzo, Labriten, 22-18 menderatu zituzten Elezkano II.a eta Zabaleta, eta horrek berriz ere ligaxkako borroka pil-pilean uzten du beste bikote guztientzat.

Ez zen bete-beteko partida izan jokoari dagokionez, aurrelariek tanto bikainak amaitu arren, huts dezente ere egon zirelako alde bietan, batez ere Irribarriak eta Zabaletak eginak. Horrela, bi aldeek izan zuten aurrea hartzeko parada markagailuan, baina azken txanpa erabakigarrian gorriak izan ziren puntua ziurtatu zutenak.

Irribarria eta Rezusta, esaterako, nahiko hotz eta galtzaile hasi ziren lehen tantoetan, eta horri esker urdinak 1-5 eta 4-7 aurreratu ziren. Baina Iker Irribarria apur bat berotu zenean neurketa erabat aldatu zen: gorriek zortzi tanto errenkadan egin zituzten 12-7 aurreratzeko, tartean Aramakoak segidan egindako lau tanto ikusgarrirekin.

Baina esan bezala, haizearen norabidea nola, halaxe aldatu zen jokoa hurrengo minutuetan, eta hor Danel Elezkano izan zen asko asmatu zuena. Zaratamokoak hamar tanto egin zituen guztira, eta bakarra galdu, zenbaki bikainak partida berdindu ahal izateko: lehenik 16-16, eta gero 18-18. Dena airean zegoen une horretan.

Eta azken txanpan, berriz ere Irribarria izan zen aldeak markatu zituena hiru tanto ikusgarrirekin eta Zabaletaren huts nabarmen baten erruz, justu partidako tantorik gogorrenetako batean (21-18).

Estuasunak Markinan

Beste partidan, Urrutikoetxeak eta Imazek 22-21 irabazi zuten Altuna eta Barriolaren aurka. Gorriak aurretik joan ziren ia partida osoan (12-9 eta 21-18), baina azken txanpan urdinak gainera etorri eta 21na berdindu zuten. Azken tantoa gorrien alde erori zen eta horrenbestez bi bikoteak launa garaipenekin berdinduta geratzen dira sailkapenean, finalerdiak jokatzeko oso aukera urriekin biak.

Ikuskizun bikaina Urdulizen

Hala ere, jardunaldiko, eta seguru asko txapelketa osoko, partidarik ikusgarrienetakoa ostiral gauean Urdulizen jokatu zutena izan zen. Bengoetxea VI.ak eta Larunbek seigarren puntua eskuratu zuten bertan Olaizola II.ari eta Untoriari 20-22 irabazita. Lau pilotariek neurketa bikaina jokatu zuten: bi atzelariak sendo piloteoan –Larunbe gehixeago galduz (5) baina gehiago joz– eta bi aurrelariak tanto ikusgarriak amaituz. Defentsan ere jokaldi sinestezinak ikusi ziren bata bestearen atzetik.

Partida oso orekatua izan zen, baina aipagarria da gorriak markagailuan 19-16 aurreratu zirela eta orduan iritsi zela tantorik zalantzagarriena: Aimarren gantxo bat ezustean txartzat eman zuen epaile nagusiak, eta urdinei berriz ere partidan sartzeko aukera eman zien. Oinatz Bengoetxeak ez zuen aukera alferrik galdu –14 tanto egin zituen guztira– eta garaipena beraientzat izan zen.