Jon LEUNDA
Aizkora

Arriak eta Otaegik binakako finalean sartzea lortu dute

Errezildarrak eta zizurkildarrak uste baino askoz errazago hartu zituztenmendean Larretxea eta Rekondo. Ia bi minutuko aldea atera zieten.

Arria V.ak eta Joseba Otaegik lortu dute Binakako Urrezko Aizkorako finala jokatzeko aurreneko txartela. Finalerdian Donato Larretxea eta Jon Rekondo uste baino askoz errazago menderatu zituzten.

Arantzan jokatu zuten saioan, lehen faseko lan bera egin behar izan zuten aizkolariek. Hasteko, 45 ontzako bana moztu behar izan zuten erlojuz kontra, bikote bakoitzeko aizkolarien denbora batuz. Onenak Arria eta Otaegi izan ziren, euren lana minutu eta 50 segundoan amaituz, eta aurkariei 36 segundoko aldera aterata. 

Bigarren lanean, zutikako 45 ontzakoa erdibitu behar izan zuten, eta hor ere bikote gipuzkoarrak lortu zuen garaipena, lana 2 minutu eta 7 segundoan bukatuta. Nafarrei zazpi segundo gehiago sartu zizkieten.

Hirugarren lanean, 60 ontzakoa zeinek azkarrago moztu neurtu ziren, eta berriro ere Arria eta Otaegi gailendu ziren, euren lana 2 minutu eta 13 segundoan burututa, aurkariei 13 segundoko abantaila ateraz.

Azken-aurreko lanean izan ziren aurretik Larretxea eta Rekondo. Zutikako 45 ontzakoa eta etzaniko kana-erdikoa ebaki behar izan zituzten, eta 2 minutu eta 52 segundoan amaitu zituzten lan guztiak, aurka zuten aldea segundo bakar batez laburtuz.

Iraupen proba bakarrik geratzen zen jokatzeko, eta azkeneko lan honetara Arria eta Otaegi 55 segundoko aldearekin sartu ziren. Azkeneko lan honetan, bakoitzak lau kana-erdiko eta bi 60 ontzako ebaki behar izan zituen. Gipuzkoarrek ez zuten barkatu eta lana 12 minutu eta 52 segundoan burutu zuten, nafarrei 59 segundoko aldea ateraz. Denera, 21 minutu eta 55 segundo izan zen Arriaren eta Otaegiren denbora, eta 23 minutu eta 53 segundo, berriz, Rekondorena eta Larretxearena.

Harri-jasotzaileen dema ere izan zen Arantzan, eta horretan Peñagarikano Otaegiri gailendu zitzaion. Bakoitzak 125eko errektangularra, pisu bereko zilindroa, 113ko kubikoa eta 100eko bola erabili behar izan zituen, eta bakoitzarekin lanean aritzeko bina minutuko txandak izan zituzten.

Peñagarikanok, 13 jasoaldi eman zizkion errektangularrari, eta bat gutxiago Otaegik. Zilindroari 14 eman zizkion Peñagarikanok, eta bi gutxiago aurkariak. Kubikoarekin biak berdinduta geratu ziren, hamarna eman baitzizkioten, eta bolarekin, berriz, berriro ere Aizarnazabalgoa gailendu zen 16 jasoaldirekin, Aizarnakoari biko aldea aterata. Denera, 53 jasoaldi egin zituen Peñagarikanok, eta 48 Aizarnakoak.

 

Sokatira

Sokatiran, Goma Gaineko Txapelketan, azkenean atzo goizean jokatu zen joan den astean bertan behera geratu zen 640ko finala. Bertan oinetakoekin ongi aritu ziren hiru taldeak bakarrik lehiatu ahal izan ziren, eta Ibarra izan zen txapeldun. Atzetik, Sokarri eta Gaztedi sailkatu ziren. Gipuzkoarrek tiraldi guztiak irabazi zituzten.

600ekoen mailan, herenegun abiatu zen ligaxka, aurrena bi jardunaldikoa jokatuko baita eta gero sei onenek lortuko dute finala jokatzeko txartela. Lehendabiziko jardunaldi horretan Sokarri izan zen onena 9 punturekin, eta atzetik, Beti Gazte, Gaztedi, Ibarra, Murueta A, Ñapurrak –bi hauek berdinduta– Abadiño, Berriozar eta Murueta B sailkatu ziren.