Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Bina obariorekin greban

Bizkaiko adinekoen egoitzetako langileek greban segitzen dute. Beharginon %95 inguru emakumeak dira. Zelan ez, zaintzarekin zerikusia duen guztian andrazkoak gara-eta jendarte honetan andre eta jabe; jabetasun hori, ordea, ez da nork bere eraren araberako horietakoa, baizik eta nahitaezkoa, esklabotzatik gertukoa, eta esker txar-txarrekoa. Halakoxea da esparru pribatuan, norbere etxean, eta halakoxea arlo publikoan, lan munduan. Funtsa sinplea da: zaintza oro emakumeon esku utzia dago, eta gure bizkarretik gauzatzen da, pertsonon ongizaterako ezinbesteko lan eta langile horiei begirune eta aitorpen urria erakutsita.

Bizkaiko egoitzetako emakumezko langileek planto egin dute, eta bina obariorekin eusten ari zaizkio greba luze eta latzari (ia 90 egun oraingoz). Grebak ez baitira oporraldiak, kolpe zorririk ez jotzeko jarduera estalia; alderantziz, langileon arma zilegi bakanetakoa da, hain zuzen ere behar egin nahi dugulako, baina lan baldintza duinekin, bidezkoekin. Egun, sinetsita gaude edozein lan egite hutsa luxua dugula, kontratatzaileari men egiteko eta etengabe eskertzeko moduko mesedea eta, batik bat, burua milimetro bat jaso eta protestatu gabe bai edo bai mantendu beharreko diru (gutxienekoa bada ere) sarrera. Lan eskubideen aldeko borrokak ezagutu izan ditu garai hobeak, baina ez dago erabat galduta, oraindik ez gaude zeharo artaldetuta.

Hementxe ditugu, horren adibide, langile horiek greban, bata bestearen ondoan elkar hartuta, Aldundiari beren eskakizunen berri ozen eta argi ematen, burua tente aldarrikatzen beren ogibidea eta lan eskubideak ez ditzan utzi enpresa pribatu diruzaleen mende, langileen beharraren lepotik etekin milioidunak ateratzen ari direnen esku. Ez zaizkio, ez, bakea ematen ari foru erakundeari, bere ardura lotsagabeki gainetik kentzen diharduen horri. Izan ere, zaintza eskubidea hark bermatuta egon beharko luke, publikoki eta denontzat, kalitatezko zaintza eta ez edozelakoa, eta hark zaindu beharko lituzke, era berean, gure gertukoen zaintzaileak, lehoietara bota beharrean; alegia, enpresa pribatuaren eta langileen arteko gatazka gisa erakutsi beharrean.

Gertu dugu martxoaren 8a, emakume langileon eguna. Bizkaiko Foru Aldundiak ohiko adierazpen instituzional txukuna egingo du, eta puntu morea inork baino handiagoa itsatsiko hormarik ikusgaienean, baina orain, emakume langileon alde benetan egin dezakeen honetan, prekaritatera, esklabotzara eta grebara kondenatu besterik ez da egiten ari. Lotsagarria.