Beñat Zaldua
Kazetaria
JO PUNTUA

Monolaborantza politikoen arriskuaz

Arabako erremolatxa ekoizleak kezkatuta omen dabiltza, sektorearen krisiak eta Bruselako azken erabakiek haizea hartzera bidal dezaketelako barazki gozoaren ekoizpena. Gaiari buruz arrasto handirik izan gabe, eta oker egon naitekeela aldez aurretik onartuz, monolaborantzaren arriskuak etorri zaizkit burura. Eta aktualitatearen jarraipena ofizio eta afizio daukagunoi ezinezkoa zaigunez edozein gertaera bizitza politikotik bereiztea, monolaborantza politikoaz ere hitz egin daitekeela otu zait. Izan ere, jakina da arrautza guztiak zaku berean sartzea inoiz ez dela negozio ona izan. Ezta politikan ere.

Katalunian drama nazional bezala azaltzen dute oraindik filoxera etorri zenekoa, XIX. mendean. Euskal Herrian ere gogor jo zuen izurriteak, baina Katalunian, ekonomiaren zati oso esanguratsu bat ardoarekin lotzen zen lurraldean, sarraskia izugarria izan zen: zortzi urtean 300.000 hektarea mahasti desagertu ziren. Mende eta laurden beranduago, monolaborantza politikoa independentismoarena da, eta sozialki uzta emankorrenak jada emanak dituela dirudi, behintzat egungo zikloan –lugorria ere ereiteko modu bat izan liteke–. Egun hauetako sasinegoziaketek bazterrak nahastu dituzten arren, azken bultzadarako indarrak pilatzen ari dira bertan, eta eginen dute azkenengo esfortzua, jakina, baina nabarmena da pultsua ez dela duela bi urtekoa. Kanpainek eta eztabaidek ez daukate lehengo nerbioa eta independentziaz gain beste zerbaitetaz ere hitz egiteko grina nabarmena da, baita independentisten artean ere. Begira bestela larunbatean errefuxiatuen harreraren alde Bartzelonan egindako manifestazio jendetsuari. Desio handienak ere neka dezake, desio bakarra denean.

Ez dugu hain urrun joan behar monolaborantza politikoak atzemateko. Hemen bertan gatazka armatuaren ondorio eta ajeen inguruan katramilatuta ikus dezakegu bat baino gehiago, inertziek edo konplexuek bultzatuta, auskalo. Komeni da gogoratzea, ardoa eta erremolatxa alde batera utzi gabe, menua aberastea dela, akaso, mahaira lagun gehiago hurbiltzeko modua.