GARA
BELFAST

Boto-emaile asko izatea espero zuten Irlandako iparraldeko hautagaiek

Atzo gaueko 10etan (11k Euskal Herrian) itxi ziren Ipar Irlandako hautetsontziak, gaur goizean hasiko dira botoak zenbatzen eta lehen emaitzak asteburuan ezagutaraziko dituzte. Beste erritmo bat dute irlandarrek, baina azkenean ados jarri beharra daukate.

Unionistek eta errepublikanoek osatutako Gobernua hankaz gora joan zen eta atzo 700.000 herritar inguruk zuten Exekutibo berria aukeratuko duten politikariak hautatzeko beta. Baikortasuna zen nagusi lehen orduetan, herritar askok botoa emateko erabakia hartuko zuelakoan. «Gauza ona da horrenbeste jende botoa ematera etortzen ikustea», adierazi zien kazetariei Michelle O’Neill Sinn Fein alderdiko buruak botoa eman ondoren.

Irlandako alderdi ezkertiarrak DUP Alderdi Demokratiko Unionistari nagusitasuna kendu nahi dio, eta, inkestek diotenaren arabera, litekeena da hori, Arlene Foster Ipar Irlandako aurreko Exekutiboko buruaren formazioak boto asko gal baititzake ustelkeriaren eraginez.

Inkestek diote DUPek eta Sinn Feinek lortuko dituztela lehenengo bi postuak, baina ez dute argitzen zein izango den irabazlea, bien arteko aldea oso txikia baita, txikiegia begiraleak eta adituak busti daitezen.

Goizean goiz joan zen botoa ematera Arlene Foster unionista, Enniskill Fermanagh konderriko hiriburuan. 2016ko hauteskundeetan zirkunskripzio horretan eserlekua lortu zuen Fosterrek eta atzo gauza bera eskuratzea espero zuen. Inkestak egin dituzten etxeek diote Fosterrek eserlekuari eutsiko diola, nahiz eta bere irudia asko kaltetu duen Martin McGuinness errepublikanoak (urtarrilean jakinarazi zuen bere osasun egoeraren eraginez ez zela berriz aurkeztuko hauteskundeetara) salatu zuen eskandaluak.

Ipar Irlandako Gobernuak diru laguntzak ematen zizkien enpresariei zein nekazariei erregai fosilak biomasarekin ordezkatzearen truke. Sinn Feineko buruek egin zuten irakurketaren arabera, diru laguntza gehienak iparraldeko nekazari gune unionistek jasotzen zituzten, eta ez hegoaldeko eskualde errepublikanoek. Betiko gatazka, energia berriztagarrien arloan.

McGuinnessek lehen ministrorde kargua utzi egin zuen. Sinn Feinek erabaki zuen Gobernua eroraraztea eta atzo egin ziren hauteskundeetara deitzea.

Michelle O’Neill 40 urteko emakumea hautatu zuen Sinn Feinek McGuinness ordezkatzeko. Preso errepublikano baten alaba da O’Neill, bake prozesuarekin batera hazi den belaunaldikoa. Hedabide handiek nabarmentzen dute ez dagoela IRA talde armatuaren jarduerarekin nahastuta.

Eserleku gutxiago

Berak kazetariei adierazi die botoen %27ra iritsi nahi duela, aurreko hauteskundeetan Sinn Feinek lortu zituen markak (%24 eta 28 eserleku) gainditzeko.

DUP indar unionista kontserbadoreak, ustelkeriaren eraginez, boto batzuk galduz gero, %27 horrekin lehen indarra izan daiteke Sinn Fein.

Edonola ere, kontuan hartu behar da atzoko hauteskundeetan aurrekoetan baino 18 eserleku gutxiago aukeratu zirela, parlamentari kopurua murriztea erabaki baitzen, aurrezteko.