J.L.
sokatira

Beti Gaztek lehen fasean erakutsitakoa berretsi nahi du etxean

Lesakako pilotalekuan jokatuko da gaur, 17.00etatik aurrera, Euskal Herriko Goma Gaineko finala, 600 kiloko mailan. 640koan izan ziren arazoak ez errepikatzea espero da, han oinetakoak zirela-eta bertan behera geratu zen, eta ondorengo egun batean jokatu behar izan zen, arazoak izan ez zituzten taldeekin.

Beti Gazte, Sokarri, Ñapurrak, Murueta A, Ibarra, eta Gaztedi izan dira finalerako sailkatu diren taldeak. Beti Gazte izan zen aurreneko fasean jokatu diren bi saioetako onena, eta gaur etxean jokatuta, badirudi txapela lortzeko faborito aterako dela. Zaleen babesik ere ez du faltako.

Lehen fasean ikusitakoaren arabera, Sokarri izan daiteke nafarrei aurre egin liezaiekeen taldea, baina finalak beti final izaten dira, eta askotan aurreko erreferentziek ezer gutxirako balio izaten dute. Hortik atzerako taldeen artean lehia handia izan zen lehen fasean eta aldeak txikiak. Gaur ikusiko da lehen fase horretan ikusitakoa baieztatzen den edo ez.

Emakumezkoak

Emakumezkoetan, 375eko ligaxkako bigarren jardunaldia jokatuko da Lesakako pilotalekuan bertan, mutilen saioarekin batera. Bost talde ari dira lehiatzen, eta joan den astekoaren arabera, aukera asko daude emaitzak errepikatzeko.

Gaztedi izan zen jardunaldiko talderik onena. Atzetik, Ibarra, Txantrea, Berriozar eta Goiherri sailkatu ziren. Gaztedik jokatutako tiraldi guztiak irabazi egin zituen, eta gaur emaitzak berriro errepikatuko balira, bizkaitarrak txapela lortzetik oso gertu jarriko lirateke, nahiz eta oraindik amaitzeko jardunaldi bat faltako litzatekeen.