GARA
BILBO

Eskubide Sozialen Kartak manifestazioa deitu du Bilbon apirilaren 1erako

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen duten sindikatu eta eragileek manifestazioa deitu dute apirilaren 1erako. 17.30ean, Bilboko Jesusen Bihotzetik abiatuko da, “Eskubide sozialen defentsan, murrizketarik ez” lelopean.

Azken urteetan herritarren eskubideak «murriztu» egin direla azpimarratu zuten atzo egindako agerraldian, eta emakumeen eskubideak «bereziki erasoak» izan direla nabarmendu zuten.

Eskubide Sozialen Kartak babes sozialeko euskal sistema «integral, duin eta kalitatezkoa» aldarrikatu zuen, Lakuak duen ardurari erreferentzia eginez. «Politika antisozialek biztanleria oro har pobretu egiten dute, aberastasunaren banaketa gero eta bidegabeagoa da, eta areagotzen ari dira langabezia, prekaritatea eta pobrezia», adierazi zuten.

EAEko aurrekontu proiektuaren harira, alderdiei dei egin zieten Gasteizko Legebiltzarrean hainbat aldaketa sar ditzaten, adibidez, «indargabetu dezatela prestazio sozialen zenbatekoan %7ko murrizketa ezartzen duen xedapen gehigarria».