GARA
MENDIKO ESKIA

Baldintza zailak Bandres-Karolo proban

Pasa den asteburuan jokatu da Bandres-Karolo eski lasterketa, eguraldi aldaketek baldintzatuta. Aurtengo ibilbidea Binbaleta mendiaren ipar magalean barrena sartu da lehen aldiz, eta 140 parte-hartzaile inguru bildu ditu. Larunbatean lineako proba jokatu zen eta igandean erlojuaren aurkakoa.

Antza denez, ostiralean oso elur gutxi zegoen Belagua inguruko mendietan eta ibilbidea trazatzeko lan guztia larunbat goizalderako geratu zen. Boluntarioen lanari esker, A eta B ibilbideak markatzea posible izan zen gauean botatako 30 zentimetro inguruko elurrarekin. Oso mendiko ezaugarri nabarmenak izan zituen lasterketak, lepoetan haize zakarra zebilen eta lainopean ibili ziren lasterkariak 1.400 metrotik gorako zati guztian.

Hala ere, helmugan, parte-hartzaileak oso pozik agertu ziren, baldintza zailetan halako lasterketa amaitzeko gai izan zirelako. Emakumezkoen proban, garaipena Laura Solarentzat izan zen, Monica Saez eta Igone Camposi aurre hartuta. Gizonezkoetan, berriz, Iñigo Martinez de Albornoz izan zen irabazlea, Pablo Oderizen eta Nacho Cabalen aurretik.

Erlojupekoa

Igandean erlojupekoaren txanda izan zen. Eguraldi txarra zegoen iragarrita, baina zegoen elurra aprobetxatuz krono-igoera egitea erabaki zuten, proba azkarra izaten delako eta lasterkariek denbora tarte laburrean epelera itzultzeko aukera izango zutelako. Yeguaceros ingurutik irtenda Lakora mendiaren ezkerrera geratzen den Cortaplana gailurra egin zuten –irabazleak 18 minutuan egin zuen bidea–.

Aurreko gauean berriro elurra egin zuen, lehengoari beste 10 zentimetro inguru gehituz. Gainera, eguraldi txarrak eten bat egin zuen goiz osoan eta lasterketa lehorrean eta nahiko ikuspen baldintza onetan egiteko aukera izan zuten. Nesketan Sola, Saez eta Camposek postuak errepikatu zituzten; eta mutiletan Iñigo Lariz izan zen azkarrena, Javi Tirapu eta Mikel Navarro menderatuz.

Antolatzaileek sari berezia eman zieten Kataluniatik etorritako hiru eskiatzaileri, baita Juan Martin Tirapu beteranoari ere, eta omenalditxo bat egin zioten Joseba Ormazabal kideari.