GARA
Eskubaloia

Irteera benetan zaila Anaitasunaren une gozoa zenbaterainokoa den neurtzeko

Une gozoak igarotzen ari da Helvetia Anaitasuna azken asteotan. Asobal Ligako azken hiru partidak elkarren segidan irabazi ditu, eta aurreko larunbatean inork gutxik espero zuen garaipena erdietsi zuen EHF Kopan Melsungen talde alemaniar indartsuaren aurka. Bada, une on hori benetan zenbaterainokoa den neurtzeko beste irteera zail bati egin beharko dio aurre talde nafarrak gaur: Leonen jokatuko du Abanca Ademar Asobal Ligan bigarren doan taldearen kontra, 20.30ean hasita.

Azken hiru jardunaldietan Cangas, Villa de Aranda eta Balonmano Sinfin taldeei irabazi ostean, Juanto Apezetxearen mutilak seigarren posturaino igo dira sailkapenean, 21 punturekin. Leongo taldeak, ordea, 35 ditu, eta Bartzelona ahalguztiduna alde batera utziz, “benetako liga” horretan onena dela esan daiteke, 17 neurketa irabazi eta bi bakarrik galduta.

Anaitasunak Miguel Goñiren baja izango du, alemaniarren aurkako deman min hartu baitzuen –datorren larunbatean haien kantxan jokatzea tokatzen zaie iruindarrei–. Ademarrek, aldiz, jokalari guztiak prest ditu kantxara irten ahal izateko.

Gaur, Asobal Ligako beste hiru partida ere jokatzen dira: Rioja/Sagunto, Aranda/Granollers eta Valladolid/Bartzelona.