Fredi Paia
Bertsolaria
JO PUNTUA

Prokusto gogora

Euskaldunok gure «auhenen harresi» propioa eraikitzen ari garen sasoiotan, Prokusto pertsonaia mitologiko greziarra datorkit gogora. Badakizue, Prokustok bere burdinazko ohea eskaintzen zien bidaiari bakartiei. Ondoren, ohea baino handiagoak baziren, gorputza ebakitzen zien ohearen neurrira. Aitzitik, ohea baino txikiagoak izanez gero, mailu kolpeka luzatzen zituen. Neurri bakarrera ekartzen zituen guztiak Prokustok, bere burdinazko ohearen neurrira.

Paristarrek antzeko zerbait egin zuten XVIII. mende amaieran, hiri-estatua hitz berrien bidez berrasmatu zutenean. Politika hiri-estatuaren neurri zurrunera ekarri zuten, eta ondorioz, eskubide subjektu bakarra utzi ziguten herentzian: citoyen edo hiritarra. Hiri-estatu bati ezin eska lekioke gehiagorik.

Euskal establishment politikoko korifeoak euren copy-paste diskurtsoekin instituzioen eta legediaren defentsan hasten direnean, ez dira konturatzen zein komikoak diren. Behinik behin, erretolika lekura egokitzeko eskatu beharko genieke. Gu, zorionez, ez gara hiri-estatu batean bizi, eta Bizkaian, esaterako, hiritar bakarrak urduñarrak dira. Foru zuzenbide zein espainiar zuzenbide zibilak ondo bereizten duten ezaugarria.

Pozoidun herentzia hori dela eta, gure herrian azken 80 urteetan gertatu dena citoyen-ka adierazten gabiltza: x hildako, y torturatu... Eta horrela ezin da gertatu dena ulertu. Testuingururik gabeko aztarnategi arkeologiko bat baino ez da aurreiritzirik ez duenarentzat. Ez dago etorkizunerako ikasketa bermerik.

Espainiar eta frantziar legeek, adibidez, ez dute kontenplatzen hizkuntza bat debekatu eta desagerrarazi nahiaren delitua. Euren legeetan ez da existitzen ume euskaldun elebakarrei belaunaldietan eskolan eragin zieten sufrimendu psikologiko eta fisikoa, amamei euskaraz egiteagatik ilea moztu eta isunak ezartzeak izan zituen ondorio politiko-sozialak, gurasoak euren umeak aitaita-amamekin elkar ez ulertzera kondenatzeraino eroan zituen angustia existentziala epaitzeko erarik.