Ariane KAMIO
GASTEIZ
Entrevue
JASONE AGIRRE GARITAONANDIA
EH BILDUKO LEGEBILTZARKIDEA

«Argi izan behar dugu EITB publikoa eta denona dela»

EITBn hogeita bost urteko ibilbidea beteta, «ofizio» berria du Jasone Agirre Garitaonandiak (Abadiño, 1968) EH Bilduko legebiltzarkide gisa. Gertutik ezagutzen du euskal irrati-telebista publikoa eta bidea egiten hasi den erreformari buruz mintzatu da lerrootan. Taldeak kulturgintzan egindako beste apustu batzuez aritzeko aukera eta gogoa ere izan ditu. Zintzotasuna eta dotorezia darabiltza ahoan.

Askotan aipatzen da azkenaldian EITBren inguruko erreforma. Baina zehazki, zer izango da erreforma integral hori?

Aldaketa handiak ekarriko ditu erreformak arlo askotan. EITBk 35 urte bete ditu. Badakigu prozesu luzea dela, mastodonte bat da EITB, eta horretarako denbora beharko dugu. Esan dugu ez dagoela presarik, ezin da egun batetik bestera egin, eta gure planteamendua 2022rako gauzatzea da.

Suposatuko du lan eta konpromiso handia. Legebiltzarrean adostasuna egon zen eta ponentzia bat sortuko da EITBren eredu berri hori sortzeko bidean. Guk prozesu parte hartzaile bat egin nahi genuen, irekia, batzorde batean egiten dena, eta ez ponentzia itxi bat. Ez da bulego batean erabakitzen den gai bat. Horren inguruan dabilen jendeak, inplikatu denak, lan egiten duenak, hartu behar du parte. Prozesu zabala izan behar da. Zeren EITBri azken urteetan pasatu zaiona izan da prestigioa galdu duela. Prestigio hori berreskuratu nahi bada, jende hori aintzakotzat hartu behar da identifikatua sentitu dadin, eta ez dadin sentitu aldenduta proiektu horretatik.

EITB helburu batzuekin sortu zen.

Euskara eta kultura zabaltzeko. Eta gaur egun argi ikusten da ez duela horretarako balio eta gainera prestigioa galdu duela. Gure proposamena da eztabaida dezagun, metodologia parte hartzaile batekin, sektore desberdinetako jendearekin eta eredu berri bat sortzen joatea.

Aldaketak egin behar dira enpresa mailan. Badago gestore sistema bat, lan hitzarmenetik kanpo dagoen sistema paralelo bat dena, ardura postuetara bideratua. Eta bertan dagoen kasuistika oso desberdina da. Niri pasatu zitzaidan, adibidez, nire arduradunak nik baino diru gutxiago irabazten zuela, eta beste batzuek, ordea, astakeria bat irabazten dute, beraiek gestorarekin hala negoziatu dutelako. Kontua da sistema iluna dela eta lan hitzarmenetik kanpokoa denez ez dagoela tresnarik hori konpontzeko.

Gestore pribatu bat bezala?

Bai, sistema paralelo bat da etxe barruan eta hori aldatu beharrekoa da.

Adostu beharko litzateke baita ere plantilla estrukturala. Gaur egun zenbat jende behar da kalitatezko telebista bat sortzeko?

Albistegiei buruz ere hitz egin dezakegu. Guk defendatzen duguna da despolitizatu egin behar direla. Eta ez gara bertako jendearen profesionaltasuna zalantzan jartzen ari. Baina kazetaritzan lan egiten dugunok badakigu kontua ez dela beti albiste bat nola idatzi duzun, baizik eta nork erabakitzen duen zer den albiste eta zer ez eta zenbateko espazioa ematen zaion.

Lerro editorial bat.

Hori da. Izan zaitezke zure hitzetan oso eskrupulosoa, baina albistegi hasieran 5 minutu eskaintzea edo amaieran minutu erdi bat, edo aipatu ere ez egitea, ez da gauza bera.

Hor aldaketa asko egin behar direla uste dugu, baita programazio aldetik ere, euskara, kultura… Hori guztia aztertu egin behar da. Zer egin daitekeen horri buelta emateko.

Prestigioaz ari zara. Langileen aldetik eta ikusleen begietan ere galdu du izaera?

Askotan politizazioaren kontua dago atzean. Gauza bat da telebista publiko bat izatea eta bestea Gobernuaren telebista izatea. Ikus-entzuleek sarritan horrela identifikatzen dute eta orduan urrundu egiten dira, eta prestigioa galtzen du. Prestigioa nahi baduzu marka prestigiatu behar duzu eta informazio despolitizatua eskaini, gobernu bakoitzaren bozeramaile papera hartu gabe.

Telebista publiko gehienetan gertatzen da.

Zoritxarrez, hemen hori gertatzen da. Baina BBCri begiratu eta audientzia indize altuak dituzte eta erreferentzia bihurtu dira. Ez dut uste ere BBC panazea denik, baina lortu du jendearen artean prestigioa izatea.

ETB hasieran izan zen fenomeno sozial eta kultural bat, baina gero ez du jakin bide hori egiten. Ez da bakarrik prestigio kontua, galtzen dituzu audientziak ere eta bihurtzen da kate bat ezin dena eten.

Ez dut objektibotasunean sinesten, baina bai zintzotasunean eta dotorezian. Zaila da hemen gauza guztiak orekatuak izatea, baina badaude gauza batzuk ez luketenak horrela izan behar eta parametro batzuen barruan mugitu daitezkeenak.

35 urtetako lan ildo hau aldatzeak inertzia asko aldatzea ekarriko du.

Horregatik uste dugu prozesu hau denon artean egin behar dela. Sortu da adostasun bat Legebiltzarrean horretarako eta hori gauza ona da. Denok argi dugu aldatu egin behar dela, baina gero ikusiko dugu aldaketa horiek zein norabidetan eman behar diren. Ea denok helburu berberak ditugun. Erresistentzia horiek gainditzeko jendea entzun egin behar da eta aintzakotzat hartu.

Niretzat dagoen gauzarik politena telebista batean lan egitea da, gauzak eta produktuak bertan sortzea. Uste dut badagoela tokia ideologia eta uste politiko guztientzat. Oreka kontua da, zintzotasunez jokatzea. Uste dut badagoela modua. Horregatik izan behar da parte hartzailea eta modu lasaian tratatzekoa, konfrontaziorik gabe, modu eraikitzaile batean.

Aldea dago telebista eta irratien artean?

Nik uste aldea dagoela euskarazko irratiaren eta telebistaren artean. Beti izan da libreagoa irratia. Fokua beti ere telebistan egon da eta presio politiko gehiago izan du.

Azken presioek «Euskalduna naiz, eta zu?» saioari eragin diote.

Nik lehenengo jakin nahiko nuke ika-mika sortu dutenek programa ikusi ote duten. Uste dut higiene mentalagatik programa kritikatu aurretik ikusi egin behar dela. Eta bestetik, ulertzen dut jendea minduta senti daitekeela. Batzuetan broma tonuan esanda baldin badago ere, jendea mindu egin daiteke. “Ocho apellidos vascos” filmarekin ere jende asko minduta sentitu zen, ridikulizatua sentitu zen, eta hemen ez zen ezer gertatu.

Hala ere, norbere buruaz barre egiten jakitea inteligentzia seinale bat da. Beste batzuek antza ez dakite beren buruaz barre egiten. Eta diru publikoa leku guztietan egon da.

Erabilera politiko bat egiten ari dira, argi eta garbi, batez ere EITBn fokalizatuta.

Gustatzen zaizu gaur egungo EITB?

Gustatzen ote zaidan? Nik EITB etxeko sentitzen dut. Badirudi, inguruan entzundako komentarioengatik, EITB ez dela geurea, beste batzuena dela, baina ez da horrela, hau publikoa da eta denona da. Gobernuak erabili egingo du, baina argi izan behar dugu irrati-telebista publikoa denona dela. Eta euskara eta kultura zabaltzeko tresna zoragarri bat da eta hori da argi izan behar duguna.

Nik oso nire sentitzen dut. Zelan egiten diren albistegiak, zein programazio dagoen… puntuz puntu joan daiteke kritikatzen, baina nik oso neure sentitzen dut eta uste dut denok sentitu behar dugula geurea. Ez da batzuena soilik. Sekulako tresna da herri honen gehiengo batek konpartitzen dituen helburuak sustatzeko.

 

«Euskal kulturaren marka behar da, prestigioa eman eta komunikazioa errazagoa izateko»

Kultur eragileekin, kultur ekosistema deritzanarekin, hainbat bilera egin ditu EH Bilduk azken asteetan. Hiru hitzordu izan dira zehazki, eta euskal kulturak dituen behar eta hutsuneei begira koalizio abertzaleak bere proposamenak agertu dizkie sortzaile eta eragileei. «Etsipena» aurkitu du bidean, baina baita «lanerako gogoz» dagoen jendea ere. Euskal kulturari argazki bat egin dio bere ertzetik anekdota batekin. «Areto bateko kudeatzaile baten bila genbiltzan bilera horietako batean. Bulegotik pasa eta ez zegoen inor. Komuneraino eraman ninduen bertako batek. Eta han topatu nuen, eskularruak jantzita, komunak garbitzen». Euskal kulturaren krisi egoeraren erretratu bat da, leku askotan eta formula desberdinetan errepikatu ohi dena. EH Bilduren helburuen artean da aurrekontu orokorretako %1 kulturara bideratzea, nahiz eta datu objektiboek ez duten halakorik erakusten; %0,67 izatetik %0,50 izatera pasatu da.

Gasteizen, Azpeitian eta Durangon egindako deialdietan jarrera eraikitzaileekin topatu dira eta diagnosi baterantz joateko bidea aurkitu dute. «Egoera aztertzen ari gara, zer dagoen ikusten. Hau lehenengo kontaktu bat izan da, baina prozesua ez da amaitu, dabilen harria da hau. Ondoren ikusi beharko dugu Legebiltzarretik zer egin dezakegun euskal kulturak dituen behar horiek asetzeko», adierazi du. EH Bilduren proposamenen artean dago Euskal Kulturaren Zentro bat osatzea, ez gune fisiko batean, baizik eta estrategia bideratuko duen erreferentzia gisa. «Bilgune bat denok batzeko, leku erreferentziala izango den esparru bat gai hauek guztiak lantzeko eta ez ibiltzeko bakoitza bere aldetik. Eta batez ere, eragileak aintzakotzat hartzeko, subjektu gisa tratatzeko. Ekosistema hori prestigiatu beharko litzateke». Euskal marka baten beharrean jarri du azpimarra, «prestigiatzeko eta komunikazioa errazagoa izateko». «Euskal kulturari prestigioa eman behar zaio eta askotan ikusgarritasuna falta zaio. Marka berri bat sortu behar da, aterki bat, non bere aterpean denok tokia izango duten», nabarmendu du. A.K.