Mikel Aramendi
Kazetaria
JO PUNTUA

Europako gizon koleratua

Ia laurogei urtez, Nikolas I.a Errusiakoak esamoldea abiarazi omen zuenetik, «Europako gizon eria» izan zen Turkia. Zuzenago esanda, Turkia bilakatzen ari zen Otomandar Inperioa. Haren eritasunak, oso barrenekoa, bost axola zien beste guztiei, baina ingurumari osoan eragiten zituen ondorioak ikaragarriak ziren, eta gerra bat baino gehiago sutu zen horrexegatik. Krimeakoa, kasu.

Ondorengo ia laurogei urteetan, «Europako gizon mutua» izan da Turkia. Haren barreneko gorabeherek inoren gupidarik ez zuten eragiten orduan ere, eta nazioartean oso argi zegoenez norekin zegoen Ankarako gobernua, zena zela, bada... mapetan zetorrelako, bestela ahaztu ere egingo zuten batzuek.

Milurteko berriarekin, «Europako gizon koleratua» bihurtu da Turkia. Ez dago esaterik beste laurogei urte iraungo ote duen aldi honek, ala etengabe koleratuta dabilen Erdogan horrekin zenduko ote den tasuna. Baina haserrea giltzarri bihurtu da turkiar kanpo-politika ulertzeko. Korapiloa, ordea, zaildu egin da: barneko gorabeherak eta kanpo-harremanak erabat katramilatuta daude orain.

Koleraren berezitasunetako bat da oso zaila dela noiz, non eta zergatik piztu daitekeen aurresatea. Itzali, kostata itzaltzen da gehienetan; behin ere ez, batzuetan.

Nazioarteko harremanetan ezin asmatuetako bat bihurtzen ari da Erdoganen kolera. Barnean autokrazia ezartzeko ahaleginean Europar Batasunarekin arestian sutu duen liskarrak (lekutan geratzen dira bazkide bihurtzeko planak!) erakusten du zein asmagaitza den haren aldartea. M. Flynn, Trumpen aholkulari ohia, soldatapean eduki izanak, aldiz, frogatzen du ez dela txikira jokatzen ari. Siriako gerran egin duen jira-bueltan azaleratzen dira kontraesan guztiak.

Oraingoz, neurria hartu dion bakarra Putin dela esan liteke. Erdoganen ifrentzua, ia edozertan. Ikusiko dugu noiz arte.

Turkia ez dela Europa esatea aski dute batzuek. Horrek buruhausteren bat kenduko balie bezala.