«Neska izateagatik ezin erakutsi, amorrua....»
Mendia zurituta dago. Hor doaz, maldan behera irristaka, baloiaren atzetik. Irribarrea aurpegian. Sunakali eta bere lagunak dira. Nepalen bizi dira, neska koskorrak futbolean aritzea ezinezkoa den tokian. Baina lortuko dute bertako txapelketa garrantzitsura iristea. Han doaz. Idien gainean lehenik, abioian gero. Baita irabazi ere, Sunakalik sartutako golari esker. Bhojraj Bhati bizipen haien lekuko izan zen, bere kamera eskuan, eta egunotan Euskal Herrian ikusgai den filma da lan haren emaitza.
Ez baloi, ez testuliburu, Sunakalik eta bere lagunek etorkizuna idatzita daukate: ezkondu eta etxeko lanak eta haurrak dituzte zain.
Baina Sunakali zorteko da. Hamazazpi urterekin bera da futbol taldeko kideen artean ezkontzatik libratu eta ikastea lortu duen bakarra, Bhati bere «aitabitxia»-ri esker. Ez dut Sunakali ezagutzen, baina gure familian badugu neska kirolari bat. Hamalau urte ditu E-k eta txikitatik ikusi dut baloia beso azpian hartuta. Edo frontoian, pala eskuan. Pentsa liteke ez duela zangotrabarik izan. Baina...
Whatsapp bidez bidali dit bere herrian emakume kirolarien gainean egin duten ikus-entzunezkoa. Hantxe ageri da bera ere iritzia garbi adierazten: «Nahiz eta ezberdintasuna gero eta txikiagoa izan, oraindik ez dut berdintasunik ikusten»... «Txikitan amorrua sentitzen nuen, banekien mutilak adina nintzela, baina neska izateagatik eurei ezin erakutsi izatea ez zitzaidan justua iruditzen». Lehen aldia da hau entzun diodana.
Distantziak distantzia, oso mantso aldatzen dira gauza batzuk. Mantsoegi.