GARA
DONOSTIA

Haurreskolak Partzuergoko langileek neurri zehatzak eskatu dituzte

Datorren martxoaren 22an, LAB, ELA eta Steilas sindikatuek grebara deitu dituzte Hezkuntza publikoko irakasleak, Hezkuntza Bereziko hezitzaileak, sukaldari eta garbitzaileak eta Haurreskolak Partzuergoko langileak. Hain zuzen, azken hauek mobilizazioekin atxikimendua adierazteko elkarretaratzeak egin zituzten atzo, aldarrikapen zehatzak helaraziz.

Hasteko, Lakuari eta Haurreskolak Partzuergoari bertako langileen behin-behinekotasun tasa jaisteko eskatu zioten. Zehaztu zutenez, kudeaketako langileen behin-behinekotasun tasa %100ekoa da eta hezitzaileena aldakorra izan arren, %36ra heltzen da.

Hauek dira, besteak beste, mahai gainean jarri dituzten eskaerak: kudeaketako langile gehiago, geletako ratioak egokitzea eta landa eremuko haur eskola txikiak babestea. «Ezin da hezitzaile bat bakarrik egon bosgarren haurra matrikulatu arte. Gainerako biztanleei bezala, zortzi orduko zerbitzua eskaini behar zaie», adierazi zuten.

«Beharrezkotzat» jo zuten «herri hausnarketa ariketa bat egitea herri mailako eragile guztien parte-hartzea bermatuz».

Alderdien neurriak

Bestetik, Legebiltzarrean atzoko Osoko Bilkuran, EH Bilduk nahiz Podemos Ahal Duguk eskaera zehatzak egin zituzten Hezkuntzari dagokionez.

EH Bilduk hezkuntza sistema publikoa indartzea, irakasleen plantilla 2.000 plazatan handitzea eta behin-behinekotasuna jaistea eskatu zuen, modu progresiboan 6.000 plaza finkatuz, baina EAJ, PSE eta PPk aurka bozkatu zuten, koalizioak azaldu zuenez.

Podemos Ahal Duguk legealdian zehar hezkuntzan gastua BPGaren %0,5 handitzea eskatu zuen.