Oihane Larretxea
Kazetaria
IKUSMIRA

Loreak

Badira urte batzuk ez ditudala aitona Antonioren arrosak usaintzen, baina haien lurrina ederki gogoratzen dut. Beste askoren artean, begiak itxita, asmatuko nuke zeintzuk ziren Urumeatik gertu modu basati baina dotore hartan hazten ziren arrosak. Etxeko lorategian zituen, ataka berdearen beste aldean, eta arrosa eta gorriaren arteko kolore indartsu bat zuten petaloek. Eskatuz gero, ateratzen zituen kirtena gorria duten tenaza zorrotz haiek –bere lekuan daude oraindik–, eta esku handi haiekin mozten zuen sortatxo bat. Delikatuak ziren, gutxi irauten zuten lorontzian, baina ai! irauten zuten bitartean…

Urteak dira baita ere amoñiren lore sortarik jasotzen ez dudala nire urtebetetze egunean, baina ederki gogoratzen ditut aukeratzen zituen koloreak, Lutxik gustu fina zuen. Eta orduan ere, aitonaren arrosekin gertatzen zen bezalaxe, egun batzuez baino ez zuten apaintzen logela. Ondoren, akabo. Betirako gelditu dena, ordea, sorta haiek inplizituki zeramaten mezua da.

Horregatik, beren edertasunaz harago, haien hauskortasuna eta hitzen beharrik gabe komunikatzeko duten gaitasuna interesatzen zait. «Etxera iritsi eta atea irekitzean alaitasuna ikusi nahi dut», aitortu zidan atzo emakume batek aterkipean, Bretxan. Ez zidan bere egoeraz beste pistarik eman eta zergatik nahi zituen ez zidan aitortu, zertarako baizik. Gauza handiak egiteko gai diren gauza txikiak dira loreak.

Emakumeak gorriak aukeratu zituen; nik laranjak. Atzo asteartea izatea arrazoi nahikoa zen etxeratzean neuk ere loreekin alaitasuna bilatzeko.