Egungo aizkolaririk gehienak izango dira Urrezko lehiaketan
Bakarkako Urrezko Aizkora abiatzera doa, eta lehen jardunaldia bi saiorekin jokatuko da. Tartean espainiar aizkolari ugari izango dira, Euskal Herrikoekin lehiatzeko prest, Segoviako eta Asturiaseko mordo bat izango baitira. Beraien maila ezagutzeko aukera izango da.
Bilboko Atxuriko plazan jokatuko da aurreneko kanporaketa gaur, 19.00etatik aurrera, eta bertan, Alkizalete II.a, Intxausti, Utxu, Zelai III.a, Herrero, Garcia, Turreros eta Benito izango dira lanean arituko direnak; azken lau aizkolari horiek Segoviakoak dira. Kana-erdiko bat eta 60 ontzako bat moztu beharko dute. Irabazleak hurrengo fasea jokatu ahal izateko txartela lortuko du.
Kanporaketa honetako faborito nagusia Jokin Alkizalete da. Asteasuarrak lortu beharko luke garaipena gauzak oker ez baditu egiten, behintzat. Hala ere, ikusi beharko da segoviarrek nolako maila ekartzen duten, ezezagunak baitira hauek guztiak Euskal Herrian.
Bihar, berriz, Aguraingo pilotalekuan jokatuko da, 12.00etan, lehen kanporaketa honetako bigarren saioa, eta hor ere zortzi aizkolari lehiatuko dira: Juanjo Erdozia, Asier Armentia, Anton Iacobuti, Eloi Kortxero, Ramiro Llanos, David Neredo eta Daniel eta Ruben España.
Hemen ere aizkolariek gaurko lan bera egin beharko dute, eta hemen ere garaileak lortuko du hurrengo kanporaketa jokatzeko txartela. Parte hartuko duten aizkolarien zerrenda ikusita, Juanjo Erdozia eta Eloi Kortxero dira garaipena lortzeko bi faborito nagusiak. Naredo asturiarra eta España anaia segoviarrak dira Euskal Herritik kanpokoak, eta ez dirudi bi faboritoen gainetik agertuko direnik.