Jon LEUNDA
PILOTA

Ospital eta Ducassou finalerdiak jokatzeko sailkatu dira

Ospitalek eta Ducassouk Berezkoen Binakako Txapelketako finalerdiak jokatzeko txartela lortu zuten atzo Waltariri eta Gixanduti 40 eta 38 irabazi ostean. Jokatutako hiru partidak irabazita, seguru dute aurreneko hiruren artean sartzeko txartela, geratzen diren neurketak galdu arren.

Hala ere, zalantzak piztu dira txapela lortzeko faborito nagusien inguruan. Azkeneko bi partidetan ez dute soberarik izan, estu eta larri ibili dira, eta horrek gauzak apur bat aldatu ditu. Hala ere, lehen fase hau amaitzeko geratzen diren bi partidetan ikusiko da ea azkeneko bi neurketa hauen gakoa non egon den. Partida polita izan zen atzokoa, eta Waltarik eta Gixandutek aurreko asteko porrota istripu bat izan zela argi eta garbi utzi zuten.

Une batzuetan garaipena eurentzat izango zela ere bazirudien, baina faboritoek azken txanpa horretan euren maila agerian utzi zuten, eta finalerdietan izateko txartela segurtatuta ere bai. Waltarik eta Gixandutek hirugarren postuaren bila joan nahi dute orain, finalerdietara zuzenean sartu ahal izateko.

Aurretik Bigarren Mailako partida jokatu zen, eta han ere emaitza bera izan zen. Laurent Lanbertek eta Palomesek 40 eta 38 irabazi zieten Oltzomendiri eta Benesseri.

Donibane Garazi

Gaur ez da partidarik izango, baina bai bihar, eta Donibane Garazin izango dira neurketak, 16.00etatik aurrera. Lehen Mailako norgehiagoka bigarrena izango da, eta bertan, Bielle eta Ximun Lanbert Intxausperen eta Amuleten aurka arituko dira. Bigarren Mailakoan, aldiz, Elgart eta Ezkurra Monzeren eta Lukuren aurka.