Ion SALGADO
Eusko ikaskuntzaren foroa

DAKIENAK EUSKARA ERABIL DEZALA, HORI DA ERREZETA ONENA

ENRIKE ZUAZUAK ETA ASIER ETXENIKEK PARTE HARTU ZUTEN ATZO EUSKO IKASKUNTZAK GASTEIZEN ANTOLATUTAKO «GAZTEAK-EUSKARA BINOMIO DINAMIKOA: ERABILERA SUSTATZEKO GAKOAK» FOROAN. EUSKARA DAKITENEK EUSKARA ERABILI BEHAR DUTELA OHARTARAZI ZUTEN, HORIXE BAITA «ERREZETARIK ONENA» HIZKUNTZA SUSTATZEKO.

«Dakienak erabil dezala, dakien neurrian, nahiz eta gutxi jakin». Horixe da atzo Enrike Zuazua Deustuko Unibertsitateko DeustoTech Laborategiko ikerlariak eta Matematika Konputazionalerako Katedraren zuzendariak emandako «errezeta» euskara sustatzeko. Izan ere, hizkuntzak «ez du oreka maila egonkor eta iraunkorra lortu».

Eusko Ikaskuntzak Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean antolatutako “Gazteak-euskara binomio dinamikoa: erabilera sustatzeko gakoak” foroan hartu zuen hitza Zuazuak, euskararen egoera puntu zientifiko batetik aztertuz. Matematikari helduz, euskararena dinamika lineala ez dela ohartarazi zuen. «Hizkuntza ezagutzen dutenen kopurua gorantz badoa ere, erabilera behera baitoa».

Eta euskararen aurka jokatzen duten indar negatiboak aipatu zituen. Bi bereiziki: globalizazioa eta euskal populazioaren beherakada. Azken hori «kezkagarria» dela adierazi zuen, munduan euskaldunen portzentajea gutxitu egin delako.

Dena den, atzera egiteko arriskurik ez dagoela nabarmendu zuen eta zenbait indar positibo aurkeztu zituen. Haien artean, euskal hezkuntza sistemaren indarra, euskaldunen ugaritzea, administrazioak eta zerbitzuak euskarara egokitzea eta hedabideen jokaera aipatu zituen.

Arabako datuak

Indarrok ezinbestekoak izan dira euskarak aurrera egiteko Araban. Herrialdean euskarak hazkunde nabarmena izan du azken hamarkadotan eta pixkanaka iraganeko estereotipoak desagertzen ari dira.

Hala azpimarratu zuen Asier Etxenikek (Aztiker). «Araba herrialde oso erdalduna dela uste da, baina biztanleriaren erdia elebakarra da eta beste erdiak, gutxienez, euskara ulertzen du», esan zuen, Araba eta Bizkaiaren kasuan oso ezberdinak ez direla ohartaraziz. «Gauza askotan egoera nahiko parekoa da», gaineratu zuen.

Izan ere, Araba «azkar eta asko» euskaldundu da, eta «gazteen datuak etorkizun positiboa marrazten dute». Ama hizkuntza euskara eta gaztelania duten gazteen portzentajea igo egin da udalerri askotan, eta batzuetan %25tik gorakoa da. Aipatzekoa da Aramaioko kasua, bertan ama hizkuntza euskara duten gazteen portzentajea %51tik gorakoa baita.

Gazte euskaldunen portzentajea %51tik gorakoa da ia udalerri guztietan, askotan baita %63tik gorakoa ere. Euskararen sustapena Arabako kuadrilla guztietan eman da, bai herrialdeko iparraldean, bai hegoaldean ere. Arabako Errioxan, esaterako, datuak onak dira, segur aski ikastolak egindako lanarengatik.

Baina datu guztiak ez dira hain onak. Etxenikek nabarmendu zuen bezala, arabarrek gutxi erabiltzen dute euskara kalean. 2011ko datuek adierazten dutenez, Araban kale erabilera %4koa da, Hego Euskal Herriko portzentaje txikiena. Oso urrun geratzen da Gipuzkoako datua, bertan kale erabilera %32koa baita.

Erdaraz aritzen diren euskaldunak gehiengoa dira Araban, eta arazo hori aurre egin behar dio gizarteak. Erronkari heltzeko ohiturak apurtu eta eremuak irabazi behar direla azpimarratu zuen Etxenikek Gasteizen. «Gaur-gaurkoz, gehiago itxaron gabe, aukerak izan baditugu erabilera handitzeko», esan zuen, eta euskaraz egiteko erraztasuna irabazteko «konfort egoerak» apurtu egin behar direla azaldu zuen. Haren ustez, neurriak eta proiektu pilotuak jarri behar dira martxan kontzientzia handitzeko. «Eta euskara sustatzearen alde daude arabarrak».

Zentzu horretan, euskara eta hizkuntza politikekiko zenbait jarrerari buruz hitz egin zuen. Euskararen gaineko iritziei dagokionez, gehiengo zabal batek euskaldunen eta erdaldunen arteko errespetua bultzatu behar dela uste du, eta euskara ez dakitenek ere euskararen normalizazioa babestu beharko luketela uste dute.

Halaber, askok uste dute zenbait lanpostutarako euskara jakitea exijitu beharko litzatekeela. Eta gehienek ez dute uste euskararen aldeko neurriek erdaldunak diskriminatzen dituztenik. Amaitzeko, jasotzen da arabarrok euskara guztien hizkuntza dela uste dute, ez inoren jabegoa.