Urrezko lehiaketako bigarren saioa jokatuko da Leaburun
Bakarkako Urrezko Aizkorako bigarren jardunaldia jokatuko da bihar Leaburuko pilotalekuan, 12.00etan hasita. Denera hamabi aizkolari lehiatuko dira, eta bik bakarrik lortuko dute hurrengo faserako sailkatzea.
Pasa den astean Bilbon jokatu beharreko saioa bertan behera geratu zen eguraldi txarra zela medio, eta, orain jardunaldi hura berreskuratu beharra dagoenez, Leaburun izango dira han izan behar zuten aizkolarietako batzuk.
Jokin Alkizalete, Xabier Dorronsoro, Joxean Etxeberria, Kañamares IV.a, Eneko Saralegi, Unai Zabala, Jose Mari Benito, Jaime Huertas, Emilio Garcia, Hermenegildo Herrero eta Jaime Turreros izango dira lehiatuko diren aizkolariak. Azkeneko lauak Segoviakoak dira. Lehenengo jardunaldian bezalaxe, aizkolariek etzanda jarritako kana-erdiko bat eta 60 ontzako bat ebaki beharko dituzte saio bakoitzean.
Jendeak aizkolari berriak ikusi nahi izaten ditu, eta Leaburun aukera ederra izango du. Aipaturiko lau aizkolari segoviarrez gain, Unai Zabala ere bertan izango da. Leaburukoa orain arte ez da asko ikusi. Oraindik oso gaztea da eta aukera ederra izango du duen maila denei erakusteko.
Faboritoen artean ere izen bat baino gehiago agertzen dira. Jokin Alkizalete, Etxeberria II.a, Kañamares IV.a, Dorronsoro edo Eneko Saralegi dira aurrera egiteko zerrendan aureneko agertzen direnak. Proba bakoitzean, ordea, egin beharreko lanak oso laburrak izaten dira, eta, ondorioz, deskuidu txiki bat nahikoa izaten da denbora galtzeko; eta, bi enbor bakarrik daudenean, galdutako denbora horri errekuperatzea ezinezkoa izaten da.