Jon LEUNDA
Aizkora

Alkizalete eta Etxeberria hurrengo kanporaketara

Asteasuko eta Sunbillako kirolariek aise irabazi dituzte euren kanporaketakaurreikuspen guztiak betez. Segoviako aizkolariak ere izan dira lehian, baina inork ez du lortu lehen fasea gainditzea. Oraindik euskaldunen atzetik daude.

Ez zen ezusterik izan, eta Jokin Alkizaletek eta Joxean Etxeberriak lortu zuten atzo Leaburun Urrezko Aizkorako Buruz Burukoan hurrengo fasean aritzeko txartela. Faboritoen zerrendan agertzen ziren bi aizkolarietakoak ziren, eta amaieran ez zen inongo ezusterik izan.

Segoviako aizkolari mordo bat ere aritu ziren atzoko lehian, eta jendeak bazeukan haiek ikusteko gogoa ere, baina garbi ikusi zen hemengo aizkolarien atzetik daudela. Jendeak ere erantzun ona eman zuen eta asko izan ziren atzo neurketok ikustera hurbildutakoak.

Lehen fasean hirunaka lehiatu ziren aizkolariak, eta aurreneko neurketan Dorronsoro, Garcia eta Herrero neurtu ziren. Proba guztietan 60 ontzakoa eta kana-erdikoa erdibitu behar izan zituzten. Lehen fasean multzo bakoitzeko onena sailkatu zen, eta, ondoren, bi final jokatu ziren, bakoitzeko onenekin, irabazleak sailkatuz hurrengo faserako. Xabier Dorronsoro gipuzkoarra izan zen lehen saio honetako onena, bere lana 7 minutu eta 12 segundoan amaituta. Atzetik geratu ziren Garcia, minutu eta sei segundora, eta Herrero, 3  minutu eta 16 segundora.

Bigarren multzoan, Alkizalete, Benito eta Huertas lehiatu ziren. Garaipena Alkizalete II.ak lortu zuen, bere lana, 6 minutu eta 44 segundoan amaituta. Atzetik geratu zen Benito, minutu eta 7 segundora, eta Huertasek itxi zuen sailkapena, minutu eta 18 segundora.

Hirugarren multzoan, Eneko Saralegi, Terreros eta Alvaro Garcia izan ziren aurrez aurre aritu zirenak, eta nafarra izan zen garaipena lortu zuena. 7 minutu eta 17 segundo behar izan zituen egin beharreko lan guztiak amaitzeko. Bigarren postuan Alvaro Garcia sailkatu zen 40 segundora, eta multzoa itxi zuena, berriz, Terreros izan zen. Terrerosek 10 minutu eta 10 segundo behar izan zituen lanak amaitzeko.

Azkeneko multzoan, berriz, Unai Zabala zegoen. Leaburuko aizkolari gaztea plazetan oso gutxi ikusi da, eta bazegoen bera ikusteko gogoa, baina azken postuan amaitu zuen bere multzoan. Hori bai, orain 23 urtez azpikoen mailan berriro lehiatzeko aukera izango du. Garaipena Etxeberia II.ak lortu zuen bere lana 5 minutu eta 30 segundoan amaituta, eta berea izan zen lehen fase honetako denborarik onena. Bigarren postuan sailkatu zen Kañamares IV.a, 10 segundora, eta Zabalak itxi zuen sailkapena 2 minutu eta 6 segundora.

Finalak

Multzo bakoitzeko irabazleek finala jokatzeko txartela eskuratu zuten. Aurreneko neurketa Xabier Dorronsorok eta Jokin Alkizaletek jokatu zuten, eta Asteasukoak aise irabazi zuen. Alkizaletek lan guztiak  burutu ahal izateko, 8 minutu eta 9 segundo behar izan zituen, eta Zeraingo aizkolariak, berriz, bereak amaitu ahal izateko, minutu eta 20 segundo gehiago behar izan zituen.

Bigarren finala, Joxean Etxeberiak eta Eneko Saralegik jokatu zuten, eta aurrenekoa izan zen garaipena erdietsi zuen aizkolaria. Sunbillakoak bere egin behar guztiak egin ahal izateko, 10 minutu eta 14 segundo behar izan zituen, eta Errazkingoak, berriz, 18 segundoko aldea lortu zuen. Ondorioz, Etxeberia II.ak lortu zuen hurrengo fasea jokatzeko txartela.

Buruz Buruko hurrengo kanporaketa datorren larunbatean jokatuko da Izarran, Araban, 17.30etik aurrera. Hirugarren saioa izango da.