Xabier Izaga
Kazetaria
KOLABORAZIOA

Ospatzeko modukoa?

Ba al da zer ospaturik? Ez dakit. Nolanahi ere, surrealista edo, gutxienik, paradoxiko begitantzen zaizkit ETAren armagabetzeak eragindako jarrerak. Euskal Herriko gizarte zibileko hainbat eragilek eta, atoian, esparru soziopolitiko ia osoak, instituzioak barne, poza agertu dute. Poza agertu du batez ere, izurra izurtuta, ETArekin batera sortu zen esparru ideologikoan koka litekeen sektore zabalak. Armak entregatzeagatik, aizu. Burrunba mediatikoaren eta PPren arabera, errenditzeagatik. Norbera armagabetu gabe etsaiak armak entregatzea garaipena da, PPk, kasu, ulertzen duen moduan behinik behin. Norbait menderatuta irabaztea, alegia; hala ere, ez omen da ospatzeko motibo. Nik ez dakit ospatzeko motiboa den, baina bai esperantza hurbilagotik, ukigarriago, sumatzeko modukoa.

Iñigo Urkullu lehendakariak irakurri zuen adierazpenaren arabera, atzo ez zen ezer hasi, ez bukatu ere. Guztiz bat nator bigarren horrekin. Ez da gatazka amaitu, ezta biolentzia ere, eta bide malkartsu eta luzea ageri da aurretik. Baina bidea badago, egon, bide berria, talka armatuaren hautsak ikusten uzten ez zuena. Eta, izan ere, bide hori ez ziren atzo bertan ibiltzen hasi, armagabetzea atzo hasi ez zen bezala, baina armagabetzeak atzoko data duen bezala, bide berri horrek ere data bera izango du, nonbait. Beste data batzuk izan litzake; esate baterako, Aurore Martinen aurkako auziak eragin zuen herri olatua, esparru politiko guztietako hautetsiak ere bildu zituena. Nork espero zuen, orain aspaldi ez dela, bide hori Ipar Euskal Herrian jorratzen hasiko zirela?

Ez da bide zabala, ez da argia, baina bidea da, ibilian-ibilian egin beharrekoa.

Ospatzekorik ez dagoela argi dutenetako ezkorrenek diotenez, ETAren helburuekin bat datozenen aurrerapausoa omen da. Arrazoi ote dute? Baliteke, denentzako aurrerapausoa den heinean. Areago, demokraziaren aurrerapausoa dela uste dut, ohiko prozedura arranditsuak baino demokratikoagoa baita, inondik ere, herriaren edo, nahiago baduzue, gizartearen baitan eratu, garatu eta gauzatu delako. Gizarte zibilaren parte-hartze zuzenak egin duelako, Euskal Herri osoko indar politiko eta sozial gehien-gehienak eta, uzkur, instituzioak arrastatuta, nazioarteko komunitatearen laguntza estimagarria ahaztu gabe.

Harrigarria da, hala berean, erakunde armatu batek arriskuan jarri behar izatea... bere armak emateko. Erakunde armatu bateko militanteentzat arriskua ez da gauza ezezaguna, baina egoera hori Madrilen eta Parisen arduragabekeriaren tamainaren erakusgarri izan zen. Eta jokaera eskas horren mukurua, armagabetzea gauzatzeko ahaleginak egin dituztenek ere beren burua arriskuan jarri behar izana.

«Euskal Herriaren alde egiteko hartu genituen armak eta Euskal Herriaren esku utzi ditugu orain», irakurri genuen herenegun ETAren agirian. Eta, hara paradoxa, ez zentzugabea, ordea: Madril eta Paris ez daude herritarren nahien eta beharren gaineko erabakirik herritarren beren esku uzteko prest.

Ez da, ez, zentzugabea. Estatu espainoleko botereek ziklo luze eta zaharkitu baten iltze goriari heltzen diote; herritarren, herrien borondatea ukatzeko erabiltzen dituzten legeei, esate baterako, zelai horretan duten abantailaren jakitun, eta inpunitateari, beren kontakizunaren ezinbesteko gakoari, alegia. Aste honetan bertan jakin dugu itsas zabalean bi tanta baino ez diren bi kasuren berri: Jose Migel Etxeberria Naparrak desagertuta segitzen du 37 urtez geroztik, Estatu frantsesak eta espainolak haren kasua argitzeko zirkinik ere egin gabe. Bestea, Sandra Barrenetxea torturatu izana egotzi zieten guardia zibilen absoluzioa, nazioarteko protokoloak ostikatuta.

Hala ere, ospatzeko modukoa den ez dakidan arren, pozik nago eta herenegun baino konfiantza handiagoa dut herri, gizarte edo jendearengan, estatuek ez bezala, gotzainek ez bezala.