Ixabel Etxeberria
Irakaslea
JO PUNTUA

Posibleak

Independentzia eta sozialismoa lortu arte. Horrekin gelditzen naiz. Hori baitzen hastapeneko proiektua. Beste talde armatuek ere armak isildu zituzten, talde horietako kideek lanean jarraitu zuten, helburua, aspaldiko helburua, ez baitzen lortua. Bidea luzea da, oztopoz betea. Bortitza, euskaldunok gaitasun handia dugu gure arteko kontraesanen irakurtzeko. Gertakarien irakurtzeko, besteei zein bide jarraitu behar den errateko. Bidea hor dago, gure aurrean, oztopoak ere bai. Nork jakinen horiek gainditzen. Batzuek ikasgaien emateko, edo aterabide seguruak eskaintzeko gaitasun handiak dituzte. Besteek bezala ez dute beti asmatzen, huts horiek askotan tapizaren azpian gordetzen badira ere.

Herriak jarraitzen du lanean, denen beharra baita herria eraikitzeko, aniztasunean. Kulturgintzan izugarrizko lana eramana izan da azken hamarkadetan, horrek hazi, handitu gaitu herri gisa. Korrikan euskalgintza eta arduradun politikoak elkarrekin Santiagoko zubia zeharkatzen eskutik helduta, sinbolismo sakona zeraman irudiak, hamarkadetako gatazka eta enfrentamendu askoren buruan. Baina euskara gu baino askoz eta handiagoa da eta ikasgaiak ematen dizkigu aldiro erdarara erortzen garelarik. Kasu horretan ez da inor perfekturik, euskarak umiltasuna erakasten digu.

Apirilak debaterako aukera asko ematen digu, hitza beharrezkoa baita eraikitzeko, solasa librea behar da eremu berrien jorratzeko. Bai intelektualak, bai militanteak, bai kazetariak eta bai prentsa beren lekuak eta ardurak betetzen ari dira egoera argitzeko. Solas gehiago beharko da, ez politikari profesionalenak behar bada bultzada berria lortzeko. Aberri Eguna solaserako eguna izan dadila.

Gurean unean uneko gertakariak ulertzen ez da erraz izaten, azkenak zailenak, baina Frantzian gertatzen denari begiratzen badiogu lasaitzekoa bada. Apirilak hau ere ekarriko baitu, hauteskundeetako lehen itzulia, eskuin muturraren emaitza arriskutsuarekin. Frantzia oraindik ez da eredu izanen, nahiz eta hegoaldeko herritarrentzat ipar Euskal Herrian posibleak gehiago diren.