Xabier Alegria, Oihana Garmendia eta Alberto Matxain
Kalera Kalera! dinamika
GAURKOA

Presoak kalera! Herriarekin bat, herritarrekin batera

Apirilaren 17a dugu gaurkoa. Preso Politikoen Nazioarteko Eguna. Munduko hainbat bazterretan daude gatibu, askatasunaren alde, demokraziaren alde, herri eskubideen alde, langileriaren alde, herri lurren defentsan jarduteagatik. Espetxe zuloetan preso diren gizon-emakume horiei guztiei elkartasuna adierazteko aukera ematen digun eguna da gaurkoa. Herri bakoitzaren askatze bidean preso politikoen egoera eta jarduera moldatuz doa baina izate politiko horrek beti heltzen dio funtsezkoenari: herriaren arnasarekin bat egin eta askatze bidea elikatzeko, hauspotzeko, egin beharrekoari determinazio osoz ekiteari. Ukaziorik bortitzen eta gordinenari aurre egin beharrak markatzen du gehienen egoera. Gogoan ditugu, munduko hainbat herritakoen artean, bereziki Kurdistan edo Palestinako preso politikoak, beren herriaren defentsan eta askatasunean oinarritutako jendarte libreak eraikitzeko bidean borroka erreferentzia ezinbestekoa direnak. Haiei guztiei bihoakie gure elkartasunik beroena.

Beste herrien borrokarekin bat egiteko modurik eraginkorrena nork berea aurrera ateratzea da. Eta gurean Preso Politikoen Nazioarteko Egun hau Aberri Egunaren biharamunean dator, bi erreferentzia nagusirekin aurten: Gernika bonbardatu ziguten 80. urtemuga, eta apiril honetan gatazkaren ondorioei konponbide atea irekitzeko eman den urrats berria, herriarekin bat eginez eta herritarrekin batera. Estatuen borondatea prozesua guztiz blokeatu eta ustelaraztea bada, herri dinamika ausart eta berritzailearekin aurrerabidea marraztu dute. Urrats berria eman dute garaile-garaituaren eskemaren gainetik; eskema horren eredurik bortitzena izan zitekeen Gernikaren suntsiketa hartatik ere herri gogoa eta askatasun grina eraberrituta loratu ziren. Eta bizi-bizirik diraute.

Badugu zer jaso eta zer indarberritu, bi erreferentzia hauek kontuan hartuta, Euskal Herrian eta Euskal Herritik mundu osoko preso politikoen aldeko gure ekarpena bideratu nahi dugunok. Gurean ere badira preso politikoak; egunerokotasunak frogatzen digun auzi gordina da. Euskal preso politikoek jasaten duten urruntze eta sakabanaketa sistematikoa, eskubideen ukazioa eta legedi bereziak. Bahiturik dituzte. Estatu espainiarrak eta frantziarrak bortxaren erabilera bere osoan mantentzen dute presoen eta beren senide eta lagunen aurka. Gaixoen, haurren eta senide zaharrenen mina baliatuz.

Izaera eta izate politikoa, ordea, presoek beraiek elikaturiko hautu eta bide luzearen emaitza ere bada. Euskal Preso Politikoen Kolektiboak eginiko hautua eta jorratutako bidea izan baita euskaraz bizitzea, deserrian eta sakabanaturik bizi arren, euskara ikasiz eta euskaraz jardunez; kide emakumezkoek pairatzen duten zigor erantsiaren kontzientzia hartzea; barne elkartasuna funtsezko balore eta irizpide bihurtzea; barne aniztasuna balore gisa garatzen ikastea. Zigor eta mehatxuen gainetik, Kolektiboak beti jardun du herriari begira, erabakiak bere determinazio asketik eta herri askapen mugimenduaren premiei eta onurei erreparatuta hartuz.

Egun ere horretan dihardu, eztabaidaren bidez ekarpena eguneratzen, bizi dugun egoera kontuan hartuta eta hautatu dugun estrategiari atxikirik. Helburua garbia da: Euskal Herriak behar duen erabakitze librearen aukera guztiz irekitzea, eta bide horretan ahalik eta herri sektore anitzenak independentziaren alde bat egitea, jendarte justu eta berdinagoaren alde urrats zehatzak emanez. Eszenatoki berria irekitzeko ahalegina dugu lehentasun. Eta horri loturik dator espetxeak lehen baino lehen hustearen beharra.

Espetxeetan bahiturik dugun gaitasun militante horren ekarpenaren beharra dugu. Presoen izaera politikoa izate praktiko eta eraginkorrean garatzeko premia ere badugu, badute. Espetxean diren militante politikoekiko lotura landu behar dugu horri begira, eta lorpen edo hobekuntza mailakatu oro izan dadila bide horretarako elikagai indargarri. Bidea ez baita erraza izango. Legedi berezien eragina indargabetzea ere eskatuko duen bide malkarra dugu aurrean.

Euskal Herritik eta Euskal Herriarekin bat, euskal herritarrekin bat, aurrera eraman beharreko ahalegina dugu esku artean. Kalera Kalera! dinamika abiatu zenetik hauxe izan da asmoa, ekarpen xume bat bideratzea, euskal preso politikoekin eta beraien erabakiekin bat egin eta haiekin batera urratsak emateko. Eta gogo hau beste hainbat herritarrekin, beste hainbat eragile politiko, sozial eta sindikalekin partekatuz, jakina.

Aukera berriak ireki dira apiril honetan. Estatuek desarmearen urratsa ezinezko bihurtu nahi zuten hortik bestelako aukerak zapuzteko eta euskal jendartetik elkarrekin sustatu zitezkeen urratsak eman gabe usteltzeko. Frogaturik geratu da patu hori ez dela onargarria. Badago ausardia, badago prestutasuna eta jakinduria oztopo horiei aurre egiteko eta bide berriak irekitzeko. Badago aukerarik bide orri adostuak osatu eta horren aldeko lanketa politiko, sozial eta instituzional eraginkorra garatzeko.

Urrats ugariz osatutako bidea da jorratu behar duguna. Giza eskubideen errespetua irabazteko behar handia dago. Urruntzea eta sakabanaketa amaitu behar dira, presoak Euskal Herrira ekarrita. Badago honen aldeko sostengu legal eta instituzional oso zabaldua. Euskal Herriaren hitza, Euskal Herriko instituzioen erabakia errespetatzearen kontua da, demokraziaren funtsezko oinarri baten errespetua dago jokoan. Eta bada gehiengo sozial zabal bat, instituzioetan ere gehiengoa osatzen duena, bakea eskuratzeari begira euskal preso politikoen kaleratzea ezinbesteko ikusten duena. Urrats hauek guztiak adostu, zehaztu eta eraginkortu behar dira guztien artean. Ez baitago inolako kontraesanik tarteko lorpenen eta azken urratsen artean, bidea bere osotasunean garatzeko borondatea izan eta erabakiak guztion artean hartuz gero.

Bakearen aldeko artisautza ugari behar dugu hemendik aurrera. Gatazkaren ondorio guztiei heldurik, bakea eta konponbide demokratiko baten eraikitze bidea elkarrekin josirik. Euskal Herriaren eta euskal herritarren erabakitze libreari bide emanez. Eta bestelako ezarpen edo blokeoei aurre egiteko, guztion arteko ekimenez eta ahaleginez erantzun egokiak osatzeko moldeak eraikiz. Azken boladan ikasitakoa modu eraginkorrean erabiliaz. Kalera!

Gernika bonbardatu ziguten eta herri xehearen sufrikarioan oinarritutako helburu politikoak erdiesteko asmo zital hura garaile zela ematen zuen. Picassoren koadroan eta euskal herritar askoren buru-bihotzetan, ordea, sufrikario hori guztia bakearen aldeko deiadarrean eta herri libre baten bizi gogoaren aldeko aldarrian loratu zen. Herri bezala gaitasun hori izan genuen eta egun ere Euskal Herriak badu itxaropenik, badu bizi gogorik, azken urteotan bizi izaniko gatazka gainditu eta errotik bestelako askatasun geroa eraikitzeko. Presoak etxera ekartzea, preso guztiak kaleratzea osagai ezinbestekoa dugu horri begira. Duela 40 urte amnistiaren aldeko aldarriak indar osoz planteatu zuen espetxeak hustu beharra zegoela Herri honen demokrazia eta askatasunari bide emateko. Egun eraiki nahi dugun bakea, bake oso, justu eta iraunkorra, espetxeak huste horren premia berberean dago. Euskal herritarrek beren erabaki libre eta demokratikoak hartu ahal izatea baita bakea, funtsean. Erabaki horien garapena ere beren eskuetan hartuta. Jomuga eta bidea bat datoz, beraz. Herriarekin bat eginez, bere hitza errespetatuz, herritarrekin batera, presoak kalera! Iheslari eta deportatuak etxera, kalera!