Mieltxo Mindegia da Urrezkoan aurrera egiteko faboritoa
Kanporaketak aurrera doazen bezala, gero eta izen garrantzitsuagoak ari dira sartzen Buruz Buruko Urrezko Aizkoran, eta asteburu honetan ere horrelaxe izango da. Oraingoan, 12.30ean Arabako Bilarren jokatuko da Viña Laguardia ardo upeltegiaren egoitzan, han ospatuko den jaiaren barruan izango baita saio hau.
Jexuxmari Mujika, Luix Txapartegi, Juan Angel Toledano, Mieltxo Mindegia, Elorriaga II.a eta Ruben España arituko dira nor baino nor; hiru gipuzkoar, bi segoviar eta nafar bat, hain zuzen. Lana bi txandatan banatuta egingo dute, eta horrela bakoitzean hiruna aizkolari egongo dira. Multzo bakoitzeko aurreneko biek lortuko dute finalera sailkatzea. Multzo bakoitzeko lehen sailkatuak besteko bigarrenaren aurka lehiatu beharko du. Final bakoitzeko aurrenekoak lortuko du hurrengo fasean aritzeko txartela.
Lehenengo fasean, bi lan ezberdin egin beharko dituzte aizkolariek. Hasteko, erlojuz kontra 45 ontzako enbor bat ebaki beharko dute, eta ondoren kana-erdiko bat eta 60 ontzako bana moztu beharko dituzte.
Bigarren fasean ere bi lan ezberdin egin beharko ditu aizkolari bakoitzak. Lehenik eta behin, zutikako 45 ontzakoa erdibitu beharko dute, eta horren ondoren, etzaniko kana-erdiko bat eta 60 ontzako bat. Lan honetan zutikako enbor hori erabakigarria izan zitekeela uste zen, baina joan den astean ez zen horrela izan. Ikusiko da asteburu honetan gauzak aldatzen diren edo ez.
Izen garrantzitsuak daude tartean, eta faborito garbiak zehaztea ez da erraza. Hala ere eta lana zein den ikusita, garbi dago faborito nagusietako bat Mieltxo Mindegia dela. Lan oso laburra da, eta berak duen kolpearekin, badirudi berak izan beharko lukeela sailkatuko dena.
Mujikaren izena ere hor agertzen da. Ibarrakoa ere zerrenda horretan dago, baita Txapartegi ere. Orain dela hilabete pasa apustua jokatu zuen, eta ikusi beharko da orain nola dagoen. Izenei begiratuta, garbi dago hiru horiek direla faboritoak, baina besteak ere kontuan hartu beharko dira. Elorriaga II.a ere apustua jokatu berria da, eta dagoeneko kanporaketa bat gaindituta dator; España segoviarrak, berriz, jadanik bi pasatu ditu. Horien artean beste segoviar bat ere izango da; Juan Angel Toledano. Ikusi beharko da zer moduz moldatzen den lan hauetara, nahiz eta berak Urrezko Aizkoran baduen eskarmenturik.
Lanak oso laburrak dira, eta hor abiadurarekin eta epaiekin asmatzeak garrantzi handia izango du; izan ere, epaietan apur bat nahasten denak jai izango du. Honelako lanetan adarrik ez egokitzea ere oso garrantzitsua izaten da.
Gorostidi Harria, prest
Adunako Gorostidi Harria Txapelketak izen eta ospe handia hartu du azkenengo urte hauetan, eta dagoeneko prest dago. Apirilaren 30ean jokatuko da Adunako pilotalekuan, arratsaldeko seietan, eta dagoeneko antolakuntzak eman ditu bertan arituko diren harri-jasotzaileen izenak.
Xabier Aranburu, Jokin Eizmendi, Aimar Galarraga, Aimar Irigoien, Izeta III.a, Izeta IV.a, Joseba Ostolatza eta Iban Ugartemendia izango dira lanean arituko diren kirolariak. 139 kiloko harri baldarra, 150eko zilindro zaharra, 155eko errektangular zaharra, 160ko zilindro zaharra eta 175eko zilindro zaharra izango dira erabili beharko dituzten harriak. Bakoitzari bi jasoaldi eman beharko dizkiote, ahalik eta denborarik laburrenean. 10 minutu izango ditu kirolari bakoitzak lana burutu ahal izateko.
Bakarren bat edo beste faltako da saio honetan, baina ikus daitekeen moduan, gaur egun dabiltzan harri-jasotzailerik onenetakoak izango dira norgehiagoka honetan. Ikusmina ere handia izaten da eta harmailak gainezka izaten dira beti.