Andoni ARABAOLAZA
ALPINISMOA

Ueli Steck, egungo eliteko alpinismoaren esentziaren ikurra

Iragan apirilaren 30ean, 40 urteko suitzarra Everest-Lhotse zeharkaldirako Nuptsen girora egokitzen ari zela amildu eta zendu zen.

Joan den asteko orriok labean zirela, Ueli Steck-i buruzko berria iritsi zitzaigun. Apirilaren azken eguna zen. Berriemaileek zioten suitzarra Nuptseko paretan hil zela. Stecken prentsa arduradunak eskatzen zigun zoritxarreko notizia horren gainean espekulaziorik ez egiteko. Beraz, hor utziko dugu; hots, Nuptse mendian girora egokitzen ari zela, amildu eta hil egin zela.

Duela aste batzuk, orriotan aurreratu genizuen Tenjin Sherparekin batera Everest eta Lhotse lotzeko asmoa zuela oxigeno gehigarririk erabili gabe. Gogoratu behar dugu zeharkaldi hori egun zintzilik dagoela; hots, oraindik ez du inork lortu.

Bada, helburu horri ekin aurretik, egungo eliteko alpinismoak jasotzen duen esentziaren ikur nagusietariko baten ibilbidea eten egin zen.

Ohi den bezala, izaera horretako berriak jasotzen ditugunean hildakoaren inguruan azterketa ezberdinak egiten dira; batez ere, oso mediatikoa denean. Batzuek Steckek Eiger, Grandes Jorasses eta Matterhorn edo Cervinon eginiko kronoaren aurkako jarduera “komertzialak” goraipatuko dituzte. Beste batzuek, berriz, bakarkako eskaladetan izan duen ausardia. Izango dira kritikatuko dutenak ere, bere xedeak muturrera ez baizik eta harago eraman dituelako. Eta kritikatuko dute ere Annapurnako hego aurpegian egin zuen bakarkako igoeraren ondoren frogarik aurkeztu ez zuelako; tontorreko argazkia, alegia.

Gu, berriz, eliteko alpinista batekin geratzen gara, etika garden batekin alpinismoaren esentzia behin eta berriz aldarrikatu eta indarrean jarri duena. Profesionala alde guztietatik begiratuta, eta bere kide profesionalak inspiratu dituena. Beti listoiaren marra “zentimetro” batzuk igotzen saiatuz. Besteak beste, ez al da hori alpinismoaren esentzia?

Bi Urrezko Piolet

Nahiz eta arestian aipatu ditugun Alpeetako hiru ipar hormetan errekorrak egiteagatik ospe mediatiko handia hartu zuen, inolako zalantzarik gabe beste goi mailako jarduera batzuek alpinismoaren lehen lerrora eraman zuten.

Eta horren guztiaren giltza bere entrenamenduak ziren. Eliteko alpinista batzuen entrenamenduak ikusi ditugu eta berez harrigarriak dira, baina Steck-enak maila bat gorago zeuden. Inor baino gogorrago entrenatzen zen; betiere, maila tekniko eta fisikoak alpinismo azkarra eta arina beste esfera batera eramateko. Eta ia beti bakarka jarduten zuen.

Gaitasun aerobiko ikaragarria zuen, baina askok ahantzi egiten dute teknikoki ere bikaina zela oso. Horrek guztiak, besteak beste, nazioartean aitortzak jasotzera eraman zuen.

Hain zuzen ere, Frantzian antolatzen diren alpinismoko sari entzutetsuenetan bi Urrezko Piolet jaso zituen. Lehena, 2008. urtean Tengkampoche mendiaren (6.500 m) ipar aurpegian Simon Anthamattenekin “Checkmate” bidea zabaltzeagatik. Eta bestea, 2013. urtean bakarka Annapurnaren hego aurpegian eginiko 28 orduko jarduerarengatik.

Alpeetako hiru ipar aurpegi enblematikoetan eginiko esprintengatik “Makina suitzarra” goitizena jarri zioten. Baina Steck hori baino askoz ere gehiago izan zen; gainera, behin eta berriz onartu zuen ezizen hori ez zuela batere gustuko.

Baina bada jazoera bat Euskal Herrian eragin handia izan zuena. Iñaki Otxoa de Olzaren erreskatearen inguruan ari gatzaizkizue. 2008. urtean, Steck Annapurnaren hego aurpegian girora egokitzen ari zela, nafarraren egoeraren berri jaso, dena utzi eta hura erreskatatzera abiatu zen. Hori ere ez al da alpinismoaren esentzia?