Josu Iraeta
Idazlea
KOLABORAZIOA

Dilistek ez dute ideologiarik

Azken hilabete hauetan ikasle garaiko istorio oso ezaguna den antzezpen baten aurrean gaudela ukaezina da. Bibliak berak dioenez, Abraham eta Sararen biloba bikien arteko aferan aurrez aurre jarri gaituzte euskaldunok. Beharbada oraingo gaztetxoentzat ez, baina helduen artean ezaguna dugu nola Esau eta Jacob anaia bikiak izanik lehenak –Esauk– anaiari oinordekotzak dituen onura guztiak dilista plater baten truk eman zizkion gosea asetzeko asmoz.

Badakit, ez da gauza berria, baina bai kontuan hartzekoa. Oraingo afera hau biziki maltzurragoa dela ikusten baita, oso egoera bereziaren atarian gaudelako.

Gaur Euskal Herrian bizitzen ari garena ez da batzuek nahiko genukeen bezain gozoa, egia da, baina, nire ustez, egoera latzagoaren ataria besterik ez da. Agian, horregatik izango da EAJk Euskal Herriko egoera ekonomikoaren larritasuna norainoko bidean dagoen jabetuz, eta egungo bitartekoen ezak erakartzen dituen ondorio politiko larriak berak bakarrik ez jasotzeko, egoera hau kontuan izan duela Estatu Aurrekontuak sinatzeko garaian.

Beti bezala, hasieran, mesfidantzaz beterik bazen ere, arlo politikoan akordio ezinezkoa zelakoan, EAJk bere erreibindikazio gorenak planteatu zituen, gaurko Konstituzioa eta Gernikako Estatutua errespetatuz, noski.

Aurrerago, bere jarrerak biguntzeko eginbide minimo bat erdietsi arte, gehienbat Kontzertu Ekonomikoaren inguruan, nabaria da paktuaren hobekuntza politikoen eza; Estatutua ezin hobetzea, Nafarroarekiko dagoen hutsunea, bakegintzaren ondorio politikoen falta eta abar.

Betiko antzerkia, erreibindikazio politikoak salduz, diru gehiago lortuko du alderdi jeltzaleak «Hiru Probintzietarako». Beraz, hau da eta ez besterik EAJk duen proiektu politikoaren ezaugarri nagusia: iruzurra.

Berriro ere EAJren barruan desadostasunak agertu dira, nahiz eta Aurrekontuen Paktua sinatu ondoren denon baietza jasoko duten.

Ez da berria, bertako buruzagi ezagun batek aspaldi zioen bezala: «Ez da usoen garaia, belatzena baizik».

Ez da soilik politikoa, baita sindikala ere. Erakunde mailan tramankulu guztiak eskura izanik, gaitasun politikorik eza berriro agerian gelditu da. Betiko leloari heltzen diote: «Madrilen erabakiko baita, Madrilen onartzen ez denak ez du zentzurik…»

Gasteizko «bikoteak» eta bere laguntzaileek ez dute ausardiarik politika propioa egiteko; ez dira gai eraikuntza nazionalaren lemazain izateko; ez dute gaitasunik bakegintzan gaur eskura jarri dizkioten aukerak lantzeko. Madrilen menpe bizi dira. Estatuaren hizkera besterik ez dute erabiltzen.

Tartean, eta zer asmatu ezinik dabiltzala, politikagintzan sorginkeria hutsaz bizi direnak, demokrazia «integrala» miresten hasi direnean, demokrazia sakondu nahi dutenak, benetako aukerak bilatzen dituztenak, baztertzen dituzte; ez omen dira «fidagarriak».

Euskal Herrian bizi dugun egoera ustelkeria hutsa da. Euskal gizarteari egiten zaion iruzur nardagarria. Hemen gertatzen ari denak ez du zerikusirik ez justiziarekin ez demokraziarekin.

Horrela, ustelkeria politikoen lokatzez leporaino daudenak, eta nahiz hautesleen sostenguak behar adina indarrik ez, dirua eta boterea kudeatzen dituzte. Harro, demokraziaren zaindari balira bezala. Beti daude dirua dagoen tokian. Dirua baita beraien elikadura nagusia. Asebeteta daudenean neurririk gabe xahutzeko, eta gosez daudenean, harrapatzeko.

Antzezle lan txukun samarra eginez, PSOEko idazkari bizkaitarra EAJri kontuak eskatzen hasia da, –nahiz gobernukide izan– Madrilekin bat egin izanak argitu beharko dituela aldarrikatuz. Baina horrelako ika-mikak betiko folklorea dira, ez dute batere mamirik.

EAJk ez du bere «betiko» bidea aldatzeko asmorik. Gogoratu nahi nuke, nola, joandako mendearen bigarren hamarkadan, EAJk abertzaletasun aztarna guztiak baztertu zituen, Ramon de la Sotaren aurrean –Castro Urdialesen jaiotako eskuindar ospetsuari– amore eman zuenean. Geroztik, herri honetan dauden instituzioak gobernatzeko erakunde profesionala dugu. Ez gehiagorik eskatu, ez baitu emango.

Politikoki nahiz ekonomikoki EAJk nahiago izan du Madrilekin berriro elkartu, Euskal Herriko eraikuntzaren oinarriak finkatu baino. Are gehiago, Euskal Herriaren deseraikitze nazionalaren Estatuko estrategian parte hartzen ari da buru-belarri. AHT eta beste hainbat eraikuntza erraldoi bai, baina zeren truke, erreibindikazio guztietan sasi-bide bat bilakatuz, suhiltzaile lana eginez, zapalkuntza luzatuz.

EAJ gaur euskaldunoi inposatzen diguten «espainolen demokrazia» honen ispilu da. Aspaldiko bere lankidetza unionistaren poderioz, ez digute uzten euskal demokrazia eraikitzen. Noiz arte?

Lerroburuan nioena berreskuratuz, dilistek ez baitute ideologiarik.