Fredi Paia
Bertsolaria
JO PUNTUA

Indioekin trukean

Maiatzaren 5a zen, barikua, 22.22 autoko erlojuan, eta Teruel parean espainiar irrati nazionala piztea otu zitzaidan. Isiotu ahala entzun zen lehen esaldiak argi utzi zidan tertuliako gaia: «Hemos llegado a un acuerdo con los indios a cambio de oro, rifles y pieles de castor». Urrea trena eraikitzeko (western originala gurea, indioak trenak eraikitzen), errifleak Ertzaintzaren promozio berrien metafora egokia dira eta kastore larruak Jaurlaritzak independentzia-erreferenduma deitu arte UDEFen esku utziko ez dituzten tratu ilun guztien eufemismoa izan litezke (hartan ere, uste dut behin Jon Maiak esan zidala kastore larruak Europan komertzializatzen lehenak euskaldunak izan ginela, kostaldeko lapurtarrak agidanez).

Valentziara bidean tertulia entzunez jarraitu nuen. Gaurko EAJ atzoko CIU dela esaten zuten, azkenean euskaldunak katalanak baino diruzaleagoak ez ote garen (gai interesgarria), EAJren gaurko autonomismoa biharko independentismoa izango ote den... (espainiarrek ere beldur atabikoak dituzte).

Zertzelada ugarien artean adostasun bat zeukaten: urre, errifle eta kastore larruena da akordioen esparru bakarra. Eta poztasunez azpimarratzen zuten akordio hori lortu bezain laster Madrilek Gasteizko Polizia gehiegikeriei buruzko legea inpugnatu izana («Cabacas auzia» fiskaltzaren motibazio politikodun utzikeriagatik artxibatzen zuten egun berean). Inpunitate polizialaren egun beltza, kausa egokiaren alde bada dohainik hil litekeela transmititu digun biolentziaren apologia instituzionala.

Hurrengo goizeko 11.30ean Manexekin geratuta nengoen Picassenten (egun horretan 15 urte bete zituen kartzelan, odol deliturik gabe 1.500 urte (?!) ingurura kondenatua), 16.00etan Castelloneko kartzelan Orkatzekin (Gallastegi abizena edukitzeagatik frogarik gabe 48 urtera kondenatua).

Euskal ordezkariekiko auzo-lotsa, instituzioekiko mesfidantza eta menperakuntza-injustizia sentimendua. Txanpon horietan ere kotizatzen du kastore larruak.