Maiatz elkartearen 33. solasaldiak Baionatik abiatu eta Iruñera ailegatuko dira
Maiatz literatura elkarte eta argitaletxeak 33. aldiz solasaldiak antolatuko ditu. Iaz abiatutako bideari jarraiki, Baionan antolatzeaz gain Iruñera ere eginen du salto azken egunean. Bihar hasiko dira mintzaldiak eta maiatzaren 25ean bukatuko dira Nafarroako hiriburuan.
Lehen egunean borroka armatua, armagabetzea eta bake prozesua literaturaren ikuspegitik jorratzen saiatuko dira ertz ezberdinetatik helduta. “Bakea nola? Barkamena, damutzea eta urrikalmena literatura” izenburupean Itxaro Borda mintzatuko da “Odolak su gabe diraki” antzerkia oinarri hartuta, eta Juan Gorostidi, “Zazpigarren heriotza” liburutik joz.
«Entseatuko gara gauzak ulertzea, aipatzea, minen sendatzeko, eta ikusi hitzekin zer egiten ahal den herri batek jasan dituen borroka armatu eta errepresioari buruz», azaldu zuen Luzien Etxezaharreta Maiatzeko zuzendariak. «Barnetik ikusita erakutsi nahi dugu, beti Parisetik eta Madriletik aipatzen baita», gaineratu zuen.
Baionan eta Iruñean
Maiatzaren 18an Lapurdiko hiriburuan eta 25ean Nafarroakoan izanen diren hitzaldiok antolatzeko lanean Zaldiko Maldiko eta Karrikiri elkarteek ere parte hartu dute. Nafarroako Gobernuaren eta Iruñeko Udalaren laguntzarekin batera, Euskal Elkargoak eta Euskal Kultur Erakundeak ere egin dute beren ekarpena.
Jardunaldi horietan bi hirien artean dagoen lotura aipatuko da hiru ardatzetatik begiratuta. «Alde batetik historiaren eta imajinarioaren inguruan mintzatuko gara, Nafarroatik Iparraldea eta Baiona nola ikusten diren, eta alderantziz ere aztertuko dugu» nabarmendu zuen Etxezaharretak.
Lehen ostegunean hiru idazle nafar hurbilduko dira Lapurdira «historia eta imajinarioa»-ri buruz mintzatzeko: Rosa Arburua, Aingeru Epaltza eta Luis Garde. Ondoren, Hatsa elkartearen eskutik “Irudipenezko istorioak” aurkeztuko dira bideoz.
Azken egunean bisita gidatua eginen da: “Iruñea, hiri buruzagi. Baskoniatik Nafar Estatura”. Bukatzeko, irakurketa literarioa izanen da Kondestablen: Itxaro Bordak “Shakespeare eta Nafarroa”, Marikita Tanburinek “Agoteak eta Nafarroa” eta Luzien Etxezaharretak “Historia eta euskal imajinarioa”.