Ritxi AIZPURU
Musika argitaratzailea

Musikaren salaketak

Golfoak ezizena edo alter ego izen bezala gustura hartuko lukete aurrerago Monzonek frankismoaren garaian indar errepresibo eta zapaltzaileen tortura sistematikoari buruz idatzitako kantuaren izena daramatenek. Inor salatu baino nahiago hiltzea. Kantu horren testuinguruan «salatu» hitza desegoki erabilita dago.

Torturapean, min fisikoaren eta psikologikoaren mende zaudenean ausardiak gutxirako balio du. Eragindako mina gaindiezina izateko, torturatzaileak hiru gauza ditu kontuan: informazio baliotsua ateratzea errepresioaren katebegiarekin segitzeko, giza umiliazioa, eta torturatua bere afinitate kideen aurrean euren etsai bezala ezartzea hitz egin duelako.

«Latza izan da» esan ondoren hiltzeak ez du esan nahi Joxe Arregik ez zuenik ezer esan eta esan bazuen ere bost axola. Eskuetatik joan zitzaien torturatzaileei hauek ez zutelako jakin ongi irakurtzen torturaren liburu zuria edo estilo liburua. Torturatuaren balioa, egiten den unean bederen, ez hiltzean datza, torturatuak eramateko geratzen zaion bizitzan minaren trauma psikologikoa, barrutik isilean esku-granada eraginkorrenaren lana egiteko eskularru zuriekin.

Frogarik uzten ez duen tortura da boterean dagoenak nahi duen tortura mota egin dezala, boterearen zerbitzura baitago. Baina zenbat torturatzaile eta estatu torturatzaile harrapatu dituzte torturaren lokatzetan? Ezin zaio Justiziari justizia eskatu, ez daki.

Onintza Enbeitak emakumetu du Itziarren alaba.